09:23

Mundua

INDONESIA

125 pertsona hil dira Indonesiako futbol partida batean izandako istiluetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Talde galtzailearen jarraitzaileek futbol zelaira salto egin dute beren frustrazioa erakustera, eta egoera kontrolatzeko ahaleginean, segurtasun agenteek gas negar-eragileak jaurti dituzte. Estadioan, baimendutakoa baino jende gehiago zegoen.

0:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gutxienez 125 pertsona hil, eta 180 lagun zauritu dira Indonesiako futbol partida batean, Ekialdeko Java probintzian, larunbat gauean.

Talde galtzailearen jarraitzaileek jokalekura salto egin dute beren frustrazioa adierazteko, eta agenteek gas negar-eragileak jaurti dituzte egoera kontrolatzeko ahaleginean. Horrek aztoramena eragin du bertan zegoen jendearengan, lekuko poliziaburuak adierazi duenez.

Biktima batzuek garuneko lesioak jasan dituzte, eta hildakoen artean bost urteko haur bat egon liteke.

FIFA munduko futbolaren erakunde gidariak bere segurtasun arauetan zehazten du poliziako agenteek ezin dutela suzko edo gasezko armarik eraman.

Horren aurrean, Ekialdeko Javako poliziaburuak ez du adierazpenik eman arau horien ezagutzaren inguruan.

Joko Widodo Indonesiako presidenteak, bere aldetik, agintariek partidetako segurtasuna ondo ebaluatu behar dutela esan du, eta larunbatekoa "herrialdean izandako azken futbol tragedia" izatea espero duela gehitu du. Era berean, Indonesiako lehen ligako partida guztiak bertan behera uzteko agindua eman du, gertatutakoari buruzko ikerketa martxan jarri arte.

Gainera, tokian baimendutakoa baino jende gehiago zegoen; 42.000 sarrera saldu ziren 38.000 lagunentzako lekua duen estadio batean.

Istiluak mundu mailan

Indonesiakoa munduko futbolaren bigarren tragedia larriena izan da.

Tragediarik handiena 1964an gertatu zen Limako estadio nazionalean. Bertan, 328 lagun hil, eta 800 zauritu ziren Peruko eta Argentinako selekzioen arteko partida batean.

Poliziak gas negar-eragileak jaurti zituen jendetzaren kontra, eta sarrerako ate itxietan harrapatuta geratu ziren, tokiko gol bat baliogabetzeagatik protestatu ondoren. Hildako gehienak asfixia eta traumatismoengatik zendu ziren.

Europan, zale askoren buruan jarrai dezake 1985ean Heyselen (Brusela) izandako tragedia; 39 pertsona hil ziren, eta 117 zauritu larri izan ziren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena