Mundua
Errusia
Agentziak | EITB Media
Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhiaren Errusiar Federaziora batzea sinatu du gaur Moskun, herrialdeko agintari nagusien eta Ukrainako lau eskualde horietako agintari errusiazaleen aurrean.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak Errusiar Federaziora batzea aldarrikatu du ostiral honetan. Hala, militarki okupatutako lurraldeak bere ustezko subiranotasunaren pean jarri ditu. "Errusiar hiritarrak izango dira betiko", adierazi du.
Kremlinen egindako ekitaldi sinboliko batean, eta herrialdeko agintari nagusien eta Ukrainako lau eskualdeetako buruzagi errusiazaleen aurrean -Denis Pushilin, Leonid Pasechnik, Vladimir Saldo eta Yevgeni Balitski-, Putinek aurreraurratsa egin du herrialde horren gaineko erasoaldi subiranistan, anexioaren legezkotasuna zalantzazkoa dela dioten mendebaldeko gobernuen eta NBEren ohartarazpenei jaramonik egin gabe.
Putinek defendatu du "milioika herritarren" nahiari erantzuten diola, eta horiek Errusiarekin bat egiteko "eskubidea" dutela, Nazio Batuen Erakundeak berak ere babesten duen herrien autodeterminazioaren printzipioari jarraiki.
Eskualde horietako buruzagiek hilaren 28an eskatu zioten ofizialki Kremlineko buruari lurralde horiek Errusiara batzea, Kievek eta nazioarteak, oro har, fartsatzat hartu dituzten galdeketen ostean. Horietan, botoen % 97 Errusiara batzearen aldekoak izan ziren.
Putinek, sobietar aroa ahora ekarriz, tradizioaren aldeko deia egin du, esanez Errusiatik kanpora badaudela "euren herri historikora" itzuli nahi duenik. "Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhiako herritarrak errusiar hiritarrak izango dira betiko", esan du Kievi eta mendebaldeari zuzendutako hitzartzean.
"Kieveko erregimenaren biktimak" gogoratu ditu, "martiriak", bai eta otsailean inbasioa hasi zenetik hildako militar errusiarrak ere. Halaber, Ukrainako agintariei su etena onartzeko eta negoziazio mahaira itzultzeko eskatu die.
NATO eta mendebaldeko herrialdeak
Agintari errusiarrak "askatasuna babestearen" alde egin du, "Munduaren jabe izatea" bilatzen dutenen aurrean. "Mendebaldeak arauetan oinarritutako nazioarteko ordenaz hitz egiten du, baina nondik datoz arau horiek?", esan du txalo artean.
"Ez gaituzte gizarte aske gisa ikusten, esklabo mordo bat bezala baizik", gaineratu du mendebaldeko gobernu "zikoitzei" beren onerako jardutea leporatuz.
Segidan, NATOk Europa ekialdean ez hedatzeko hartutako konpromisoak "engainu" bat izan direla ohartarazi du, baita armen garapena geldiarazteko akordioak ere. "AEB da arma nuklearrak bi bider erabili dituen munduko herrialde bakarra", gogorarazi du, Hiroshimako eta Nagasakiko bonbardaketei erreferentzia eginez.
Orain, beretzat hartzen dituen lau eskualdeetan erreferendumak bultzatu dituen Errusiak, duela hilabete Kievek ekindako kontraofentsibaren ondorioz porrot militarrak bata bestearen atzetik kateatzen ari zen une batean.
Anexioaren aurretik, mobilizazio partzial bat ere egin da, horren bitartez Errusiako Indar Armatuek milaka erreserbista deituz borrokara.
Dimitri Peskov Kremlineko bozeramaileak ostiral honetan adierazi duenez, atxikitako Ukrainako eskualdeen aurkako eraso oro Errusiaren aurkako "erasotzat" hartuko da, lurralde horiek herrialdearen zati integrala izango baitira.
26 zibil hil dituzte gaur Zaporizhian
Moskun anexio ekitaldia prestatzen ari ziren bitartean, 26 pertsona hil, eta 80 baino gehiago zauritu dira gaur, Ukrainako Zaporizhiako eskualdean konboi humanitario baten aurka izandako eraso batean. Ukrainako eta Errusiako agintariek elkarri leporatu diote gertatutakoa.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa