16:21

Mundua

Ukrainako gerra

Putinek lerroa zeharkatu du: operazio azkar-azkarra izatetik, erabateko gerra izatera, mehatxu nuklearrarekin

EITB MEDIA

Errusiako presidenteak Ukrainako "operazio berezia" iragarri zuenetik zazpi hilabete igaro direnean, herritarren mobilizazio partziala iritsi da, eta 300.000 erreserbistari eragingo die horrek. "Hiru Egunetako Gerrako 210. egunean gaude", esan du ukrainar Gobernuak, ironiaz.

1:38
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

'Operazio azkar-azkarra' izatetik, herritarren mobilizazio partziala dekretatzera, erabateko gerrari aurre egiteko, eta mehatxu nuklearrarekin. Egoera aldatu egin da Ukrainako gerran, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako "operazio berezia" iragarri zuenetik zazpi hilabete igaro direnean.

Putinek, asteazken honetan, herritarren mobilizazio partziala iragarri du, Ukrainako gerragatik, eta horrek 300.000 bat erreserbistari eragingo die, Serguei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak azaldu duenez. Shoiguk, halaber, onartu egin du, operazio militarra hasi zenetik hirugarren aldiz, ia 6.000 errusiar soldadu hil direla, orain arte.

Ukrainan, Volodimir Zelenski presidentearen aholkularietako batek, Mijailo Podolyakek, ironiaz hitz egin du: "Hiru Egunetako Gerrako 210. egunean gaude", esan du. "Errusiarrek Ukrania suntsitzea galdegiten zuten, baina azkenean jaso dute mobilizazioa, mugetako itxiera, banku kontuetako blokeoa, kartzela desertatzen badute, eta unitate bereziak erakunde paramilitar pribatuetan", espetxe hierarkian azken postuan daudenentzat.

Putinek, bere aldetik, mobilizazio partziala justifikatzeko, esan du Donbasseko herritar gehienek ez dutela nahi "Ukrainaren mendean" berriro egon. Donbasseko Errusiaren aldeko agintariek erreferendumak deitu dituzte, herritarrek Errusiarekiko balizko atxikimenduaz erabakitzeko.

Mendebaldeak Errusia "suntsitu" nahi du, Putinen arabera, eta, horren aurrean, Kremlinek "eskura dituen baliabide guztiak" erabiliko ditu herritarrak "defendatzeko". "Arma asko ditugu, hau ez da broma", ohartarazi du. Mendebaldeak "xantaia nuklearra" darabil, errusiar presidentearen esanetan: "Hondamendi atomikoa eragin dezaketen Zaporizhiako zentral nuklearraren kontra egiten ari diren erasoak ez ezik, NATOko goi agintarien adierazpenak ere badaude. Errusiaren kontra suntsipen handiko armak erabiltzearekin mehatxu egiten dute". 

Errusiarrei lasai egoteko esan die, "lurraldearen osotasuna, independentzia eta askatasuna bermatuta daude". "Eta arma nuklearrekin mehatxatzen gaituzten horiek jakin dezatela haizeak norabidea aldatu eta euren kontra egin dezakeela", ohartarazi du. 

Mobilizatutako erreserbistek ez dute beste aukerarik. Errusiako Parlamentuak legeak onartu ditu, eta desertzioak, errendizio boluntarioak edo borrokatzeari uko egiteak hamar urte arteko espetxe-zigorra ekar lezakete. Vesna izeneko mugimendu bakezaleak ('Udaberria' esan nahi du hitz horrek) protesta nazionala deitu du Errusian, mobilizazio partzialaren aurka; "Mobilizazioari ez" goiburupean, errusiar herritarrak hirietan elkarretaratzeak egitera deitu dituzte. Errusiatik soilik irteteko hegaldiak oso arin saldu dituzte, eta batzuk agortu egin dira.

Hau izan da Ukrainako gerraren bilakaera, azken ia zazpi hilabeteotan:

Otsailak 24: Ukrainako inbasioa hasi zen, "operazio berezia" Kremlinen arabera. Erasoak Kiev hiriburuan, Jarkov hirian (herrialdeko bigarren handiena) eta Dnipron. Azken biak, Ukrainako ekialdean daude.

Otsailak 26: Mendebaldeak zigor masiboak adostu zituen Errusiaren aurka, eta laguntza militarra eskaini zion Ukrainari.

Otsailak 27: errusiar tropak Jarkoveko kanpoaldera iritsi ziren.

Martxoak 1: Errusia Jersonen sartu zen, Krimearen ondoan, eta Mariupol portu estrategikoa setiatzen jarraitzen zuen.

Martxoak 4: Errusiak Zaporizhiako zentral nuklearrari eraso zion, alegia, Europako handienari, eta bost egunen buruan Txernobylekoa kontrolpean hartu zuen.

Apirilak 1: errusiar tropak Kieveko kanpoaldetik erretiratzen hasi ziren. Horrek, lehen aldiz, erakutsi zuen "operazio militar berezia" ez zihoala espero bezala. NATOk, baina, esan zuen Errusiar Armada ez zela ihes egiten ari, baizik eta Donbassen batzen.

Apirilak 4: Zibilen 400 gorpu baino gehiago aurkitu zituzten Buchan, Kieveko kanpoaldean.

Apirilak 19: Moskuk Donbass askatzeko gerrako bigarren fasearen hasiera iragarri zuen.

Apirilak 21: Errusiak ziurtatu zuen Mariupol kontrolpean zuela, nahiz eta erresistentzia apur bat zegoen oraindik Azovstal altzairu-fabrikan. Ukrainan maiatzaren 17an utzi zion Azovstalen borrokatzeari.

Maiatzak 25: Errusiak Dionbasseko erasoak handitu zituen, Severodonetsk hiri estrategikora bidean.

Maiatzak 30: errusiarrak Severodonetsken sartu ziren, Luhansk kontrolatu nahian.

Ekainak 25: Errusiak erabat kontrolpean hartu zuen Severodonetsk, ukrainar soldatuak erretiratuta.

Uztailak 3: Errusiak Lisichansk hartutzat jo zuen, eta, horrekin batera, eskualde osoa.

Uztailak, 16: Donetsken, Errusia eraso handiagoak egiten hasi zen.

Uztailaren 24tik 28ra: ukrainar tropak Jersonera bidean, Dnieper ibaiaren gainean bonbardaketak eginda. Bertako zubiak erabat gakoak ziren hiria hornitzeko. Hiria berreskuratzen saiatzen ari ziren.

Abuztuak 13: Errusiaren eraso gogorrak Donetsken eta Zaporizhian, baina Donbassen geldirik zegoen errusiar erasoa.

Irailak 11: Ukrainak aurrea hartu zuen gerran, hegoaldean eta ekialdean egindako kontraerasoekin. Frontean ere egoera aldatzen hasi zen. Erasoarekin jarraitzeko prestatzen zebilen Ukraina, eta, agintariek diotenez, 3.000 km2 zituzten berreskuratuta.

Irailak 12: Ukrainar Indar Armatuek beste 500 km2 askatu zituzten herrialdeko hegoaldean, Natalia Humenyuk bozeramailearen esanetan. Iparraldean, Errusiako tropek ihes egin zuten, eta Errusian erretiroa hartuta zuten hainbat militarrek eta zenbait eskualde liderrek, blogarik eta Kremlineko propagandistak oso kritiko egin zuten kanpainaren bilakaeraren aurka.

Irailak 13: Guennadi Ziuganov lider komunista errusiarrak onartu zuen Ukrainako "operazio militar berezia" gerra bilakatu dela, eta beharrezkoa dela baliabideak mobilizatzea. Kremlinek herritarren mobilizazio orokorra edo partziala baztertu zuen, nahiz eta askok kanpaina militarra askoz ere oldarkorragoa eskatzen zuten. Zelenskiren arabera, Ukrainak, irailean lurraldeko 6.000 km2 baino gehiago zituen askatuta, ekialdean eta hegoaldean.

Irailak 16: identifikatu gabeko 440 hilobi aurkitu zituzten Jarkoven, Iziumen. Putinek estrategia aldatzea baztertu zuen, nahiz eta Ukrainaren kontraerasoa arrakastatsua zen. Hala dio Samarkanda hirian, goi-bilera batean.

Irailak 20: Donetseko eta Luhanskeko errepublikek erreferenduma deitu dute, irailaren 23tik 27ra, erabakitzeko Errusiarekiko balizko atxikimenduaz.

Irailak 21: Putinek mobilizazio partziala deitu du, eta Mendebaldeari egotzi dio Errusia suntsitu nahi duela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena