Itxi

Mundua

Erresuma Batua

Charles III.a eta publiko aurrean izandako haserreak: patxada ingelesaren amaiera?

T.S.J. | EITB MEDIA

Laguntzaileekiko pazientziarik ez izatea, zikintzen zuen luma batengatik sumin-keinua adieraztea, eta atseden egun bat hartzea ere. Elizabeth II.ak ez bezala, Erresuma Batuko errege berriaren izaerak soka luzea ekarri du. Hona hemen bere lehenengo ika-mikak.

  • Charles III.a Erresuma Batuko errege berria. Argazkia: EFE

    Charles III.a Erresuma Batuko errege berria. Argazkia: EFE

Elizabeth II.ak hamarkadaz landutako monarkiaren irudi sendoa eta apala nolabait Charles III.ak pitzatu duela uste dute askok, eta horren adierazle izango lirateke azken egunetan publikoaren aurrean errege berriak izandako haserreak.

Une historikoaren presioak jota, ala Charles III.a bera odolbero delako, errege berria lerroburuetara eraman dute komunikabide anitzek azken egunetan, eta sare sozialetan bolo-bolo zabaldu dira haserreen irudiak, iseka eta kritika tarteko. Hona hemen bere lehenengo ika-mikak. 

Arazoak titontzi batekin

Joan den irailaren 10ean ofizialki errege izendatu zuten ekitaldian, Erresuma Batuko lehen ministro ohi batzuk eta Estatuburuak bertan zeudela, titontzi baten kokapenagatik haserretu zen Elizabeth II.aren semea.

Dirudienez, titontziaren erruz, ezin zuen erosotasunez liburuan sinatu, eta erditik kentzeko keinu bizia egin zien laguntzaileei. Sare sozialek haserrearen unea jaso zuten.

"Gorroto dut!"

Hiru egun geroago, Hillsborougheko gazteluan bisiten liburuan sinatzen ari zela, tintarekin eskua zikindu zuen 73 urteko erregeak. "Jainkoarenean, luma hau gorroto dut!", adierazi zuen. Mahaitik altxatu zen, haserre bizian, eta kexuka jarraitu zuen, eskua zapi batekin garbitzen zuen bitartean: "Ezin dut gauza hori aguantatu! (…) Beti egiten du hori!".

Minutu batzuk lehenagotik omen zegoen suminduta erregea, konturatu zenean data okerra idatzi zuela. Azkenean bertatik alde egin zuen, Camilla bere emaztea itxaron gabe, horri oraindik falta zitzaiola sinatzea.

"Egun librea"

Oporrak hartzeko "beharrarekin" lotutako azken ika-mika ostegun honetakoa izan da. BBC telebista-katearen arabera, "atseden hartzeko" egun libre izan zen Charles III.arentzat, bere agintaldiaren lehenengo astea betetzen denean.

BBCk aipatuta, Cahrles III.a Highgroveko landa-etxean izan zen, errege izateko prestatzen eta dokumentuak sinatzen, horretarako seguru asko lumarik erabili ez zuela.