20:47

Mundua

Al Assaden erregimenaren aurka

Hainbat herrialdek kanporatu egin dituzte enbaxadore siriarrak

Erredakzioa

Alemania, Frantzia, Kanada, AEBak eta Espainia dira, besteak beste, neurri hori iragarri duten herrialdeak. Kofi Annan Al Assadekin bildu da Damaskon eta indarkeria amaitzeko eskatu dio.

01:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali
Nazioarteko hainbat herrialdek enbaxadore siriarrak euren herrialdeetatik kanporatzeko agindua eman dute Hulako sarraski "onartezinaren" ostean.

Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Kanada, AEBak eta Espainia dira neurri hori hartu duten herrialdeetako batzuk.

Espainiak, beste hainbat herrialderekin adostuta, Hussam Edin Aala Siriak Madrilen duen enbaxadorea eta diplomazia taldeko beste lau kide kanporatzea erabaki du, hala jakinarazi du Kanpo Harremanetarako Ministerioak ohar batean.

Hala, Siriak Madrilen dituen diplomazia taldeko kideei 72 orduko epea eman diete Espainiatik ateratzeko.

Hulako sarraskiak kezka eta ezinegona sortu du nazioartean, joan den ostiralean, hain zuzen, 100 bat pertsona hil ziren bertan, biktimen artean erdia baino gehiago haurrak ziren.

Kofi Annan eta Bachar al Assaden arteko bilera

Kofi Annan nazioarteko bitartekaria, berriz, Bachar al Assad Siriako presidentearekin bildu da astearte honetan Damaskon eta bere erregimenak erabilitako indarkeria dela eta nazioartean sortutako "kezka" helarazi dio. Halaber, gatazka bideratu ahal izateko indarkeria albo batera utzi eta erregimenaren kontrako manifestazioetan atxilotutako kideak aske uzteko eskatu dio Annanek Al Assadi.

Bachar al Assad Siriako presidenteak, berriz, Kofi Annanek aurkeztutako bake planaren arrakasta "terrorismoa" amaitzeak baldintzatuko duela esan du. Siriako presidenteak "talde terroristek" hilketak eta bahiketak areagotu dituztela adierazi dio Annani bileran, hala jakinarazi du Siriako agentzia ofizialak.




Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena