14:54

Mundua

Energia

Bruselak eta Siemensek ez diote sinesgarritasunik eman Errusiak gasa eteteko eman duen azalpenari

agentziak | EITB Media

Gazpromek ez du erregaiaren jarioa berrabiarazi, ostiralean egindako iragarpena betez, matxura tailer batean baino ezin dela konpondu argudiatuta. Siemensek bertsioa ukatu du, eta Europak "faltsua" dela esan du.

01:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gazpromek agindutakoa bete du, eta larunbatean ez da gasaren jarioa berrezarri Nord Stream 1 gasbidearen bidez, argudiatuta olio isuria eragin duen matxura kanpoko tailer batean baino ezin dela konpondu, eta ez lekuan bertan.

Halere, Siemens Energy Nord Streameko turbinen mantentze lanak egiten dituen enpresak ohar batean adierazi duenez, Gazpromek emandako azalpena "ez da operazioak eteteko" bezain larria. 

Hala, Siemens Energyren esanetan, "horren moduko filtrazioek ez dute turbinaren lana oztopatzen, eta lekuan bertan konpon daitezke", ekoitzi duen enpresak esku hartu behar izan gabe. "Ohiko prozesua da", gaineratu du enpresak aipatutako oharrean.

Izan ere, aipatu du beste batzuetan, horren moduko arazoek ez zuten "operazioen etenaldia" ekarri, Gazpromek ostiralean egin bezala, Europarentzat gakoa den gasbidea inaktibo utzita. 

Europar Batzordea oso kritiko agertu da, eta "aitzakia faltsuak" argudiatzea eta "zinikoa" izatea egotzi dio Errusiari, Nord Stream gasbidean hornidura erabat eteteko erabakia zuritzeko.  

"Gazpromek egindako iragarpenak, Nord Stream 1 gasbidea berriro eteteko aitzakia faltsuak erabilita, baieztatu egiten du ez duela fidagarritasunik hornitzaile moduan. Era berean, Errusiak modu zinikoan jokatzen ari dela erakusten du, nahiago baitu gasa erretzea, kontratuak bete baino", baieztatu zuen Eric Mamer Europar Batzordeko bozeramaleak, Twitterren duen kontu ofizialean.

Europarako gas hornidura berrabiarazi behar zuen egunaren bezperan etorri da Gazpromen iragarpena -bere gaitasunaren % 20ra ari zen-, ekipo konpresorearen turbinaren mantentze lanak bukatutzat emanda.

Pasa den uztailera arte, Nord Stream 1ek Europara inportatzen zen gasaren % 40 ekartzen zuen, Alemaniara bidalita itsaso Baltikotik. Alabaina, duela bi hilabete inguru, plantaren gaitasunaren % 20an jarduten hasi da Gazprom, martxan zegoen turbina bakar batekin, hain zuzen, orain matxuratu dena.

G7aren erabakia babestu du Sanchezek

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea G7aren erabakiaren alde agertu da. Errusiako petrolioaren prezioa mugatzeko beharrezko babesak bilatu nahi dituzte: "batasuna ezinbestekoa da erasotzailearen aurrean, Putin kasu honetan".

Munduko zazpi ekonomia nagusiek sustatu nahi duten neurri hori ondo ikusten duela adieraztearekin batera, presidenteak Europako Batzordea eta Brusela presatu ditu, "behingoz eta inolako justifikaziorik gabe" martxan jar ditzaten haren gobernuak duela urtebete eskatutako erreformak, "erdi-mailako klasea eta klase langilea zein ekoizpen ehuna defendatzeko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena