Mundua
Frantzia
Agentziak | EITB Media
Engiek gogorarazi duenez, Gazpromeko hornidura nabarmen murriztu da Ukrainan gerra hasi zenetik, eta, ondorioz, konpainia neurriak hartzen hasi zen bere bezeroekin hitzartutako bolumenak ziurtatzeko.
Gazpromen egoitza. EFE
Engie energia hornidurako konpainia frantziarrak jakinarazi duenez, Gazprom errusiar erraldoiak gas fluxuaren hornidura murriztu du astearte honetatik aurrera. Ez da, halere, lehen murrizketa, Ukrainan gerra hasi zenetik nabarmen jaitsi baita hornidura, bi aldeak kontratu batzuen aplikazioan ados jarri ez direlako.
"Gazpromek Engieri jakinarazi dio gas hornidura murriztu egin dela gaurtik aurrera, bi aldeek kontratu batzuen aplikazioan dituzten desadostasunak direla medio", baieztatu du Frantziako konpainiak ohar batean.
Ildo horretatik, Engiek gogorarazi du Gazpromeko hornikuntza nabarmen murriztu egin dela joan den otsailaren amaieran Ukrainan gerra hasi zenetik. Azkenaldian 1,5 TWh-ko hileroko fluxua izan dela azaldu du Engiek, horren aurretik Europari 400 TWh-tik gora hornitzen zizkion bitartean.
Konpainiak azpimarratu duenez, bere bezeroekiko konpromisoak eta baldintzak betetzeko beharrezko bolumenak ziurtatuta ditu, Gazpromek gas horniduraren balizko etete bati aurre hartuta, etete horren eragin finantzarioa eta fisikoa nabarmen murrizteko hainbat neurri martxan jarriak baititu jada.
Enpresen "aurrezte plana"
Frantziako Gobernuak irailean enpresa bakoitzak bere "aurrezte plan" energetikoa izatea nahi du, Errusiak Europari gasaren iturria erabat ixteko mehatxua gauzatuko balitz ere, horrek ondorio "masiboak" izango lituzkeelako.
"Irtenbide bakarra dugu, energia kontsumoa jaistea", azpimarratu du astelehen honetan Elisabeth Borne lehen ministroak, eta gogorarazi du bere Gobernuak Frantziako energia kontsumoa bi urtean % 10 murrizteko helburua ezarri duela. Borneren esanetan, negu honetan horniduran mozketak egin beharrik ez izateko, "ezinbestekoa ez den kontsumo oro saihestea da" bide bakarra.
Enpresak lanean hasi direla onartu du, baina "urrunago joan" behar dela esan du, eta datorren irailean enpresa bakoitzak bere "aurrezte plana" ezartzea eskatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa