Mundua
MidCat proiektua
Agentziak | EITB Media
MidCat izeneko proiektua duela zenbait urte utzi zuten bertan behera, Alemaniarentzat merkeagoa zelako gasa Errusiatik inportatzea.
Gasa Portugaletik eta Espainiatik, Frantzian zehar, Europara garraiatzeko proiektua berreskuratzea planteatu du Alemaniak, urteetan zehar Errusiako energia merkearen aldeko apustua egin ondoren. Orain, ordea, eskarmentua hartu du, Moskuko energiaren menpeko bihurtu baita.
Iberiar penintsulatik datorren gas-hodiak "egungo egoera arintzen nabarmen lagunduko luke", onartu du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak prentsaurrekoan, udako oporraldiaren ondotik.
Gas-hodia "eraikitzea posible zen" eta, "orain, haren falta sumatzen dugu", onartu du Scholzek. Egitasmoa berreskuratzeko aukera Portugal, Espainia, Frantzia eta Europako Batzordeko agintariekin aztertu dutela esan du Alemaniako buruzagiak.
220 kilometro eraikitzea falta
Horrela, MidCat proiektuari buruz mintzatu da, nahiz eta espresuki ez aipatu. Duela urte batzuk egitasmoa baztertu zuten, Errusiako gas naturala inportatzea onuragarriagoa zela iritzita. Hostalric (Katalunia) eta Frantziako hegoaldearen artean 220 kilometro inguru eraiki barik geratu ziren.
Afrikako iparraldearekin loturak izateak "hornidura dibertsifikatzen" lagunduko luke, argudiatu du Scholzek. Horrela, Alemaniak Baltikotik Nord-Stream gasbidearen bitartez jasotzen duen Errusiako gasaren menpeko bihurtzea "hanka-sartze" bat izan dela onartu du kantzilerrak.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Scholzen hiruko Gobernua (sozialdemokratak, berdeak eta liberalak), iazko abendutik boterean dagoena, mendekotasun energetikoa murriztera beharturik dago. Gerhard Schroder sozialdemokratak zein Angela Merkel kontserbadoreak utzitako ondarea izan da.
"Gobernu guztiek, enpresa orok, egoerak aldatu daitezkeela kontuan izan behar dute, eta horretarako prestatu", adierazi du. Errusiako gas hornidura murrizketa baten aurrean, alternatibarik ez zegoela nabarmendu du, eta koalizio Gobernua "ezustean" harrapatu zuela. Scholz Ekonomia ministro izan zen Merkelen azken Gobernuan; beraz, nolabait, bere erantzukizuna onartu du.
Gas deposituak % 75era, eta zentral nuklearren itxiera atzeratzeko aukera
Nahiz eta Nord Streamen hornidurak behera egin, Alemaniako gas deposituek % 75eko gaitasuna lortu dute, Bundesnetzagentur agentziaren arabera.
Scholzen Gobernuak irailaren 1ean deposituak % 75era izatea jarri zuen helburu, urriaren 1ean % 85era jartzeko eta azaroaren 1ean, % 95era.
Bitartean, hiruko Exekutiboan, ez dago martxan diren hiru zentral nuklearren itxiera atzeratzeko aukeraren inguruko akordiorik. Teorian, urte bukaeran zerbitzutik kanpo geratu behar dira. Hiru zentral nuklearrek Alemaniako argindarraren % 6 ekoizten dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa