Mundua
Japonia
Agencias | EITB media
Atentatuaren ondoren, helikopteroz eraman dute ospitalera, eta osasun zerbitzuak bizitza salbatzen saiatu dira, baina alferrik, hil egin baita azkenean. Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute. 41 urteko gizona Japoniako Armadako kide ohia da.
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Hil egin da Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia. Mitin batean zegoela hainbat tiro jaso ditu eta larri ospitaleratu dute, baina ezin izan dute haren bizia salbatu. Nara hirian gertatu da atentatua.
Antza denez, Abek hainbat tiro jaso ditu bizkarrean kalean hitzaldi bat ematen ari zela. Atentatua aipatutako hiriko tren geltoki batetik gertu izan da, mitin batean parte hartzen ari zela. Narako Poliziak gizon bat atxilotu du, erasoa berak egin duelakoan.
Zenbait lekukok adierazi dutenez, tiroak entzun dira, eta, ondoren, Abe lurrera erori da, NHK telebista katearen arabera.
Osasun zerbitzuak Kashihara hiriko ospitale batera eraman dute agintari ohia, eta han hil da azkenean.
Atentatua hango 11:30 aldera (Euskadiko 04:30ean) izan da, kanpaina ekitaldian zeuden hiritar talde handi baten aurrean.
Atxilotua, Armadako kide ohia
Atxilotua Yamagami Tetsuya 41 urteko gizona, Japoniako Armadako kide ohia, da. Tetsuya arma eskuan zuela atxilotu dute. Antza denez, bi aldiz tiro egin dio Japoniako agintari ohiari. Ustezko erasotzailea Nara hirikoa da (Japoniako mendebaldea).
Japoniako Defentsa Ministerioko iturrien arabera, ustezko erasotzaileak artxipelagoa defendatzeko ardura duten Itsas Autodefentsa Indarretan lan egin zuen hiru urtez, 2005era arte.
Gaitzespenak
Munduko buruzagi askok Aberen aurkako erasoa gaitzetsi dute. Besteak beste, Pedro Sanchez, Jens Stoltenberg, Ursula Von der Leyen, Boris Johnson, Emmanuel Macron, Jacinta Arden edo Charles Michaelek hilketaren aurrean ahotsa altxatu dute.
Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak, Abe oraindik bizirik zegoenean, "ekintza ankerra irmo" gaitzetsi du. "Lehen ministro ohia bizirik ateratzea espero dut", esan du Kishidak agerraldi batean. Erasoa "barkatzerik ez" dagoela nabarmendu du agintariak. "Etorkizunean horrelako edozein egoerari aurrea hartzeko eta erantzuteko neurri guztiak hartu nahi ditu Gobernuak", erantsi duenez. Minutu batzuk geroago, Aberen heriotzaren berri izan dute.
Abe, lehen ministro karguan denbora gehien eman duen politikaria
Abek 2020ko irailean utzi zuen kargua osasun arazoak zirela medio, eta postu horretan denbora gehien eman duen politikari japoniarra da.
Buruzagi kontserbadorea Japoniako Parlamenturako egitekoak diren hauteskundeetako kanpainan parte hartzen ari zen. Hauteskundeak igande honetan egingo dira, eta, horietan, Aberen eta Fumio Kishida gaur egungo lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratikoak gehiengoa lortzea espero dute berriro.
Hauteskunde kanpainako mitinak kalean egin ohi dira Japonian, segurtasun neurri gutxirekin; izan ere, kriminalitate txikiko herrialdea da eta apenas egoten da erasorik suzko armekin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa