Mundua
Erresuma Batua
M. D. - O. P. | EITB Media
Erresuma Batuko lehen ministroak Alderdi Kontserbadoreko buruzagitza utzi du, eta gobernuburua izateari ere utziko diola esan du Downing Streeteko 10. zenbakiko egoitzan egindako agerraldian. Alderdiak berehala hasiko du lider berria hautatzeko prozesua.
Albisteak (3)
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Alderdi Kontserbadoreko buruzagi kargua utzi du pandemian zehar egindako jaien inguruko polemikek eta bere gobernuan azken orduetan izan diren dimisioek bultzatuta. Noiz arte jarraituko duen gobernuburu ez du argitu, alderdiaren erabakia izango baita.
"Argi dago Alderdi Kontserbadoreak lider berria nahi duela", esan du Johnsonek Downing Streeteko 10. zenbakiko egoitza ofizialean egindako agerraldian. Lehen ministroak iragarri du "orain" hasiko dela alderdian buruzagi berria hautatzeko prozesua. Datorren astean zehaztuko dituzte prozedurak eta epeak.
Lider berria izendatu bitartean "lanean jarraitu ahal izateko" ministro berriak izendatu dituela jakinarazi du Johnsonek.
Berak karguan jarraituko du hurrengo liderrak boterea hartu arte. "Babestuko zaitut", esan dio hurrengo buruzagiari.
2019ko hauteskundeetan jasotako babesa berriro eskertu du, eta gehitu du horixe izan dela "azken egunetan hainbeste borrokatu izanaren arrazoia".
Johnsonek Alderdi Kontserbadoreko buru kargua utziko duela jakin bezain laster, erreakzioak hasi dira Britainia Handiko eta munduko hainbat sektoretan.
Johnsonek bere ministroei ziurtatu dienez, Gobernuak ez du orain politika berririk ezarriko, ezta norabide aldaketa handirik egingo ere: "erabaki garrantzitsuak hurrengo lehen ministroaren esku utziko dituela esan du".
Downing Streetek zabaldutako ohar batean zehaztu duenez, Exekutiboak "hautatutako Gobernuaren agendan jarriko du arreta orain". "Itzuli diren edo lehen aldiz batu diren ministroei ongietorria egin die lehen ministroak ministroen kontseiluan", azaldu du Gobernuaren agiriak; izan ere, Johnsonek ministroak iragarri ditu, ia dimisioa eman baino lehen.
Horrela, Greg Clark Lurralde Kohesio ministro berria izango da, Michael Gove kargutik kendu ondoren; James Cleverly Hezkuntza ministro; Kit Malthouse Kabinete Ministerioko arduradun; Robert Buckland Galeserako ministro eta Shailesh Vara Ipar Irlandarako ministro.
Hiru urte boterean
Johnson ilusioz iritsi zen boterera duela ia hiru urte, brexita lortu eta 2016ko erreferendumaren osteko eztabaida ozpinduei amaiera emateko helburuarekin.
Ordutik, kontserbadore askok euren babesa sutsuki erakutsi izan diote kazetari eta Londresko alkate ohiari; beste batzuek babesa eman izan diote, baina modu xumeagoan, batez ere, normalean euren alderdira gerturatzen ez ziren hautesleak erakartzea lortu zuelako.
2019ko hauteskundeetan argi ikusi zen hori. Baina, gobernatzeko modu erasokorra eta, sarri, kaotikoa, eta, nola ez, bere ibilbidea markatu duten hainbat eskandalu tarteko, bere taldeko hainbaten borondate ona eta pazientzia agortu egin dira. Inkestek ere hala diote, Boris Johnson jada ez dela ongi ikusia jendartean.
Azken krisiak duela egun batzuk egin zuen eztanda. Ekainaren 30ean, The Sun egunkariak argitaratu zuen Boris Johnsonen bigarrena zenari kontserbadoreen bankadan, Chris Pincherri (otsailean izendatua) sexu-jokabide desegokiak leporatu zizkiotela Londresko klub pribatu batean, eta gerora jakin da ez zela kasu bakarra. Berria jakin bezain laster, Pincherrek barkamena eskatu eta dimisioa eman zuen.
Uztailaren 1ean, Gobernuaren bulegoak ziurtatu zuen izendatu aurretik ez zuela Pincherren aurkako akusazioen berri.
Uztailaren 4an, ordea, lehen ministroaren bozeramaileak onartu zuen Johnsonek bazuela Picherren aurkako salaketen berri, baita Pincherren "jokabide desegokiaren" berri ere. Johnsonek barkamena eskatu behar izan zuen; "ahaztua" zuela alegatu zuen.
Baina, eskandalu hau beste askoren atzetik etorri da, tartean Downing Streeteko jaiei buruzko kondena-txosten bat, covid-19agatik ezarritako arauak hausteagatik. Poliziak isuna jarri zion 56. urtebetetzean egindako bilera batengatik.
Partygatearekin gainezka egin zuen toryen barruan gero eta zabalagoa zirudien sektore kritiko batek. Johnson bere diskurtsoan tematuta, lankideek beharrezko sinadurak batzea lortu zuten ekainaren 6an, duela hilabete eskas, zentsura-mozio bat egin zedin. Mayren aurka ere erabili zen taktika hori aurrera atera ahal izan balitz, bere taldekideek botata joango zatekeen lehen ministroa.
Johnsonek partidako-bola salbatu zuen, ordea, diputatuen % 59aren babesari esker, Mayk bere garaian lortutakoa baino babes-maila txikiagoa izan zuen, baina gobernuburuari balio izan zion 'paparra atera' eta barne krisia gainditutzat emateko. Ez alferrik, egungo araudiak galarazi egiten zien toryei beste zentsura-mozio bat aurkeztea urtebeteren barruan.
Hala eta guztiz ere, Johnsonen egonkortasuna ez zegoen ziurtatuta. Izan ere, ahots kontserbadore batzuk arau horiek aldatzeko asmoez aritu dira hizketan ordutik. Bien bitartean, eskandaluak pilatzen joan dira Downing Streeten.
Politika-aldaketak ere izan dira urteotan, bai eta inflazioari aurre egiteko nahikoa egin ez duen kritikak ere, britainiar asko erregaiaren eta elikagaien prezioen igoerari aurre egiteko borrokan ari diren bitartean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa