Mundua
Erresuma Batua
O. P. | EITB Media
Alderdi Kontserbadoreak barne-prozesu bat hasiko du hurrengo liderra aukeratzeko. Bozketa sekretuen bidez, hautagaitzak ezabatuko dituzte banan-banan, bi bakarrik geratu arte. Bi finalista horietatik aterako da hurrengo liderra. Hasi dira hautagaien izenak ateratzen.
Alderdi Kontserbadoreko kideak Komunen Ganberan. EFErem artxiboko irudia.
Boris Johnsonen dimisioaren ondoren, Alderdi Kontserbadoreak buruzagi berri bat bilatzeko barne prozesuari ekingo dio.
Prozesu horretan, lehenik eta behin, hautagaitzak aurkezteko aldi bat irekiko da. Hautagaiek, aurkeztu ahal izateko, beste bi diputatu kontserbadoreren babesa izan beharko dute.
Ondoren, bozketa-txanda bat hasiko da, eta, bertan, diputatuek, boto sekretu bidez, beren hautagai gogokoena aukeratu beharko dute. Bozketa bakoitzean boto gutxien lortzen duen pertsona ezabatu egingo da, eta prozesua behar adina aldiz errepikatuko da, azken bi hautagaiak geratu arte.
Azken bi hautagai horien artean aukeratzeko, posta bidez emango dute boza Alderdi Kontserbadoreko kidego zabalago batek, eta irabazlea buruzagi izendatuko da. Gainera, de facto, lehen ministroaren zereginak beteko ditu. Hauteskunde aurreratuak deitzeko boterea izango du, baina ez betebeharra.
Prozesu horren iraupena aurkezten den hautagai-kopuruaren araberakoa izango da. Theresa May lider bihurtu zen 2016an David Cameronek dimisioa eman eta haren alboko guztiek abandonatu eta hiru astera.
Boris Johnsonek Jeremy Hunt osasun ministro ohiari aurre egin zion 2019an May ordezkatzeko kide kontserbadoreen bigarren itzulian, eta Mayk kargua uzteko asmoa iragarri eta bi hilabetera hartu zuen kargua.
Lehen inkestak eta izenak
Gaur zabaldutako inkesta baten arabera, Ben Wallace Erresuma Batuko Defentsa ministroa da Alderdi Kontserbadorean Boris Johnsonen lekua hartzeko hautagai faboritoa.
Wallacek, azken minutura arte gobernuburuarekin leial egon denak, Alderdi Kontserbadoreko 716 kideen % 13ren babesa izango luke, YouGov enpresak egindako iritzi-inkestak jaso duenez.
Bigarren postuan Penny Mordaunt Indar Armatuetako Estatu idazkari ohia dago % 12aren babesarekin. Brexit-aren defendatzaile handienetako bat, da Mordaunt, eta aspalditik hautagai posibleen artean aipatzen da.
Rishi Sunak Ekonomiako titular ohiak % 10aren babesa luke. Sunak-ek dimisioa eman zuen astearte honetan, Johnsonekin "funtsezko ezberdintasunak" zeudela argudiatuta.
Bestalde, Liz Truss Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministroa ere faborito da aspalditik kinieletan, eta tory-en "hegal gogorraren" parte da; inkesten arabera, babesen % 8 jasoko luke.
Jeremy Hunt Kanpo Arazoetarako eta Osasuneko arduradun ohia zortzigarren postuan dago, Nadhim Zahawi Ekonomia ministro berriarekin batera. Batak zein besteak % 5aren babesa lukete.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa