Mundua
Madril
Agentziak | eitb media
Era berean, 30 herrialdeetako liderrak Ukrainari laguntzeko pakete integral bat onartu dute, Errusiaren erasotik defenda dadin, epe luzera haren operatibitate militarra hobetzea eta sobietar garaiko taldeak atzean uztea aurreikusten duena.
Albisteak (4)
Bide-orri berria onartu du NATO erakundeak, Madrilen egiten ari diren goi-bileran. Datozen urteotako lan-ildoak eta helburuak jaso dituzte 16 orriko dokumentu batean, eta eurentzat mehatxu nagusia zein den argi eta garbi adierazi dute bertan: Errusia. Hala, konpromiso irmoa hartu dute "herrialde aliatu bakoitzaren zentimetro bakoitza" defendatzeko, edozein erasotzaileren aurrean "subiranotasuna eta lurralde-osotasuna babesteko".
Era berean, Ukrainari laguntzeko pakete integral bat onartu dute, Errusiaren erasotik defenda dadin, epe luzera haren operatibitate militarra hobetzea eta sobietar garaiko taldeak atzean uztea aurreikusten duena.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Aliantza Atlantikoaren goi-bileran parte hartu du asteazken honetan bideokonferentzia bidez, eta ekialdeko hegaleko "eremu grisekin" amaitzeko eskatu dio NATOri, "Errusiaren ekintzei erantzun irmoa emateko", horren hitzetan "beharrezkoa baita Ukrainarentzat, Aliantza osoarentzat eta komunitate euroatlantikoarentzat".
Era berean, Errusia mehatxu nagusitzat jotzen badute, Ukraina erabat babesteko deia egin die herrialdeei. "Ez da soilik Errusiaren gerra bat Ukrainaren aurka. Europan baldintzak ezartzeko eskubidearen aldeko gerra da. Munduaren etorkizunaren alde. Horregatik, behar-beharrezkoa da Ukrainari armekin, politikekin eta neurri ekonomikoekin laguntzea, hala nola Errusiak gerra finantzatzea galarazten duten zigorrekin", azaldu du.
Horrela, Ukrainak misilen aurkako defentsa sistema modernoa behar duela azpimarratu du. "Zuek badituzue sistema hauek. Ematen badizkiguzue, Ukrainako biztanleria zibila suntsitzeko eta izutzeko errusiar taktika hauts dezakezu", zehaztu du.
Sanchezek Putini, goi-bileraren hasieran: "Ez duzu irabaziko"
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak NATOren goi-bileraren hasieran ziurtatu du aliantzako kideek mezu "indartsua eta garbia" bidaltzen dutela, alegia, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez duela gerra irabaziko eta inbasioa jasan duen herrialdea "nagusi izango dela".
"Putin, ez duzu irabaziko", esan du Sanchezek NATO Foroan egindako hitzaldian, hain zuzen ere, goi-bileraren harira Aliantza Atlantikoarekin, Elcano Errege Institutuarekin eta German Marshall Fund, Munich Security Conference eta Atlantic Council erakundeekin batera egindako ekitaldian.
Presidente espainiarrak azpimarratu duenez, goi-bilera "mugarri den une historiko batean" egiten ari dira, testuinguru "oso zail" batean. Alabaina, esan du pozgarria dela Madril Aliantza Atlantikoaren handitzearekin lotuta gogoratuko dutela, Turkiak Suedia eta Finlandia sartzeko ezarrita zuen betoa kendu ostean.
"Albiste bikaina da", esan du Sanchezek, Aliantza "indartuko" duten "bi demokrazia europar" sartzea ahalbidetu duten eragile guztiei zorionak eman baino lehen.
Gaur goizean hasi da modu ofizialean NATOren Madrilgo goi bilera. Hain zuzen, datozen hamarkadan Aliantzaren ekintzak gidatuko dituzten ildo nagusiak onartuko dira goi bilera horretan, Suedia eta Finlandiaren atxikimendua gauzatzear dela, Turkiak atzo iragarri baitzuen betoa kenduko zuela.
Espero zenez, lehen orduan heldu dira Ifemara Aliantzako estatuburu eta gobernuburuak. Orduan, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak banan banan agurtu, eta argazki ofiziala egin dute ondoren.
Horrela hasi da NATOko kideek "historikotzat" eta "erabakigarritzat" jo duten gailurra. Izan ere, datorren hamarkadako bide-orria onartzeaz gain, Suedia eta Finlandia aliantzan sartuko dira, Turkiarekin hala adostu ostean, eta historikoki neutraltasunean kokatu diren herrialdeek aliantzarekin bat egiteko bidea erraztea espero da.
Estatu eta gobernuburuen arteko lehen bilera 10:30ean izan da, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren hitzaldiekin.
Arratsaldean, emakumezkoen mahai ingurua egingo dute aliantzako Kanpo Arazoetarako eta Defentsa ministroen artean. Ekitaldi hori Emakumeentzako, Bakearentzako eta Segurtasunarentzako Idazkari Nagusiaren ordezkari bereziak inauguratuko du, eta, bertan, Margarita Robles Defentsa ministroak ere hartuko du hitza.
Sanchez eta Bidenen arteko akordioa
Joe Biden AEBko presidenteak eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Rotako itsas basean (Cadiz) presentzia militar estatubatuarra areagotzea adostu zuten atzo goi bileraren atarian. Bi gerra-ontzi destruktore gehiago bidaliko dituzte, NATOren misilen aurkako ezkutua sendotzeko. 2014tik eta 2015etik, urte horietan instalatutako lau gerra-ontzi ditu Washingtonek bertan. Aldebiko bileran, Bidenek eta Sanchezek adierazpen bateratua sinatu zuten Moncloa jauregian.
Duela 40 urte Espainiak NATOrekin bat egin zuela gogora ekarri zuen Bidenek: "ezinbesteko aliatu bihurtu zen".
Gainera, Washingtonek beste 600 soldadu estatubatuar eramango ditu Rotara. Horretarako, lankidetza hitzarmena erreformatu behar izango da. Honenbestez, Ministroen Kontseilutik pasatu beharko du, eta Diputatuen Kongresuak onartu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa