Mundua
Goi-bilera
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Albaniak eta Ipar Mazedoniak salatu dute Europar Batasunean sartzeko aurkeztu zituzten hautagaitzak duela urte asko onartu zizkietela, baina prozedura etenda dagoela Bulgariak ezarritako betoagatik eta Europako buruzagiek ez dutela ezer egiten egoera desblokeatzeko.
Albania, Ipar Mazedonia eta Serbiako buruzagiak goi-bileraren osteko agerraldian. Argazkia: EFE
Albaniako, Ipar Mazedoniako eta Serbiako agintariak Bruselan izan dira gaur Balkanetako herrialde horiek Europar Batasunean sartzeko prozedura desblokeatzeko asmoz, baina goi-bilera inolako erabakirik hartu gabe amaitu dela salatu dute.
Albaniak duela zortzi urte eskuratu zuen hautagai estatusa eta Mazedoniak orain dela 17 urte, baina Europar Batasunean integratzeko negoziazioak blokeatuta daude, Bulgariak, desadostasun kulturalak eta historikoak argudiatuta, jarri zuen betoagatik.
Edi Rama lehen ministro albaniarrak adierazi du "egia" kontatu behar dela eta hau guztia ez dela soilik Bulgariaren ardura. "Arazoa da Europar Batasuna hedatzeko prozedura ustelduta dagoela eta Bulgariaren jarrera horren erakusgarri da", kritikatu du.
"EBko agintariak ez dira gai izan bahituta dauden bi herrialde askatzeko. Hortaz, bilera historikoa izan da, baina zentzu negatiboan", deitoratu du.
"Denek hitz onak izan dituzte eta gugatik asko sentitzen dutela adierazi dute, baina herrialde bakar batek Europar Batasuna konpromiso batean jarri du eta ez dute ezer egin", berretsi du.
Dimitar Kovacevski lehen ministro mazedoniarra ere haserre atera da bileratik eta Mazedonia bere osotasunean aitortzeko eskatu du. Hala, errespetua galdegin du bere nortasunarentzat, hizkuntzarentzat eta kulturarentzat. Ildo berean, esan du bi herrialderen arteko gatazkak ezin duela Europar Batasunaren esparruan egiten diren negoziaketak baldintzatu.
"Horrelako eskaerarik ez zitzaien egin egun Europar Batasuneko kide diren 27 herrialdeei. Bada, horixe bera nahi dugu guk", azaldu du. Halaber, esan du honek guztiak Europar Batasunean sartzeko prozeduraren sinesgarritasuna zalantza jartzen duela.
Horrez gain, Frantziako Gobernuak egindako proposamena baztertu du. Bulgariak betoa kendu dezan, Konstituzioa erreformatzea proposatu zuen, Mazedonia bizi den bulgariar komunitateari buruzko artikulu bat gehitzeko.
Kovacevskik azpimarratu du Europar Batasunarekin negoziatzeko prest daudela, baina ziurtatu du ez dutela Konstituzioa erreformatuko.
Aleksandar Vucic presidente serbiarrak ere gogor kritikatu du Europar Batasuneko gobernuburuen jarrera eta esan du hau guztia, besteak beste, Errusiari zigorrak jartzea onartu ez zutelako gertatzen ari dela.
"Mazedoniak eta Albaniak ez dute datarik negoziazioak abiatzeko; Bosniari ez diote eman hautagai-estatusa; eta gu jomugan jarri gaituzte Ukrainako gerraren aurrean dugu jarreragatik; horixe da gertatu dena praktikan", laburbildu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa