Mundua
DEPORTAZIOAK
Erresuma Batutik kanporatutako migratzaileak Ruandara eraman behar zituen hegaldia bertan behera utzi dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Erresuma Batutik Ruandara zihoan lehen hegaldi hori geldiarazteko agindu du.
-
Pankarta bat Erresuma Batutik Ruandara joatekoa zen lehen hegaldia gelditzeko eskatuz. Argazkia: EFE
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak geldiarazi egin du Erresuma Batutik kanporatutako zazpi pertsona migratzaile Ruandara eraman behar zituen hegazkina.
Estrasburgon egoitza duen auzitegiak onartu egin du hegazkin horretan Ruandara deportatzekoa zuten asilo eskatzaile irakiar batek jarritako helegitea. Ebazpenean dioenez, gizona "ez da kanporatu behar, harik eta epaitegiek azken erabakia hartu eta hiru asteko epea igaro arte".
Halaber, erabakiak eragina izan du hegazkin horretan bertan joatekoak ziren beste sei pertsonengan ere. Beraz, Justiziak zazpien bidalketa bertan behera utzi du.
Boris Johnson lehen ministro britainiarraren deportazio-planak polemika eragin du herrialdean. Esaterako, Carlos printzipeak eta Eliza Anglikanoak arbuiatu egin dute.
Hegazkina lurrean gelditu ostean, Boris Johnsonek Erresuma Batua Giza Eskubideen Europako Hitzarmenetik ateratzeko mehatxua egin du.