Mundua
Ukrainako gerra
O. P. | EITB Media
Kargua utzi zuenetik egin duen lehen agerraldi publikoan, Angela Merkel Alemaniako kantziler ohiak Errusiarekin eta Vladimir Putin presidentearekin izan duen harreman politikoa errepasatu du. Olaf Scholz egungo kantzilerraren kudeaketa defendatzen duela ziurtatu du.
Angela Merkel Alemaniako kantziler ohiak, Ukrainako gerra hasi zenetik Errusiarekiko izandako politikagatik egindako kritiken jomuga izan denak, ez da egindakoez nahiz egin gabekoez damutzen, nahiz eta sarritan galdetzen duen "tragedia saihestu ote zitekeen".
Duela sei hilabete kargua utzi zuenetik egindako lehen agerraldi publikoan, Aufbau argitaletxeak Berliner Ensanble Antzokian antolatutako hitzaldi batean, agintari ohiak azaldu du, adibidez, 2021eko udan ezin izan zuela Vladimir Putin Errusiako presidentea elkarrizketa-mahaira ekartzeko ekimen europarrik aurrera atera.
Hala ere, atzera begiratuz, nolabaiteko "lasaitasuna" ematen dio jakiteak bere esku zegoen guztia egin zuela egungo egoera saihesteko, eta ziurtatu duenez, konfiantza osoa du Olaf Scholz bere ondorengoaren kudeaketan.
Mendebaldearekiko harreman komertzialen bidez Errusia alda zitekeela sinesteagatik inozokeriaz jokatzea leporatu izan zaio; horren aurrean, Merkelek esan du inoiz ez zuela hori gertatzeko "ilusiorik" egin, baina ezin zela egin ondoko herrialde bat "existituko ez balitz bezala".
Kantziler ohiak adierazi duenez, orduan bazekien Putinek "Europa suntsitu" nahi zuela, baina gatazka ireki batean sartu aurretik "bide diplomatikoetatik ahal zen guztia egiten saiatzea" beharrezkoa zela.
"Gatazkatan sartu gabe, gure arteko ezberdinak gorabehera, elkarrekin bizitzen saiatzeko modus vivendi bat aurkitzea" izan da, Merkelek laburbildu duenez, Kremlinarekiko izan duen politika.
Bukaresteko 2008ko goi-bileran Ukrainari NATOn sartzeko hautagaitzaren estatusa ez ematea defendatu du Merkelek, izan ere, orduan ez zen herrialde "demokratikoki irmoa" eta "oligarkak ziren bertan nagusi".
Gaineratu duenez, Ukraina NATOn sartzea "gerra-deklarazioa" izango zen Putinen begietara, eta horrek kalte handia eragin izango lioke Kievi, Errusiak Mendebaldera begira jartzen diren bere orbitako herrialdeetan sartzeko jokabideari helduta.
Horregatik, Ukraina NATOn onartzearen aurka zegoela adierazi du, ez zuelako "probokazioekin" jarraitu nahi eta beharrezkoa zelako "eskalatzea saihestea".
Merkelen ustez, Kremlinak "akats katastrofikoa" egin du Ukrainaren inbasioarekin, "eraso basatia izan da, nazioarteko zuzenbidea mespretxatzen duena eta aitzakiarik ez duena"; halere, errusiar kultura modu orokorrean ez gaitzesteko eskatu du, baizik eta lan edo artista bakoitza bere aldetik epaitzeko, ez baitira denak Putinekin lerrokatzen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa