17:47

Mundua

Ukrainako gerra

Putin, Macron eta Scholz bat datoz bake elkarrizketak indarberritzeko beharraz

Agentziak | EITB MEDIA

Buruzagi europarrek "berehalako" su-etena, tropak erretiratzea eta negoziazioetan zintzotasunez jokatzea eskatu diote Errusiako presidenteari. Mariupolen atzemandako 2.500 preso ukrainar aske utz ditzan ere eskatu diote.

  • Borodianka herri ukrainarraren artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

    Borodianka herri ukrainarraren artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Vladimir Putin eta Emmanuel Macron Frantziako eta Errusiako presidenteak bat etorri dira Kieveko agintariekin bake elkarrizketak berrabiaraztearen beharraz. Hala adierazi dute hirurek Ukrainako inbasioari buruz larunbat honetan telefonoz izan duten elkarrizketaren ondoren.

"Arreta berezia eskaini zaio negoziazioaren egoerari. Putinek baieztatu du alde errusiarra elkarrizketari berriro ekiteko prest dagoela", jakinarazi du Errusiako gobernuak ohar baten bidez. Gainera, Ukrainari leporatu dio elkarrizketak "izoztu" izana.

Bestalde, eta 80 minutuz luzatu den elkarrizketari buruzko txostenean, Alemaniako Kantzilergoak jakinarazi du Macronek eta Scholzek Putini berretsi diotela "berehalako su-etena eta tropa errusiarren erretiratzea" aldarrika dezan.

Era berean, bi buruzagi europarrek "Ukrainako presidentearekin negoziazio serio eta zuzenak eta gatazkari irtenbide diplomatikoa ematea" eskatu diote Errusiako presidenteari.

Kremlineko iturrien arabera, Putinek Macroni eta Scholzi ziurtatu die indar errusiarrak "bakea ezartzen" ari direla Errusiak Ukraina ekialdean konkistatu dituen lurraldeetan, bereziki Mariupol hirian, non "Errusiako Indar Armatuak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arauak zorrotz betetzen ari diren".

Ildo horretan, Frantziako presidenteak eta Alemaniako kantzilerrak Ukrainako armadako eta Azov batailoi paramilitarreko gerrako 2.500 preso aske uzteko eskatu diote Errusiako buruzagiari.

Errusiako presidenteak, hala ere, mendebaldeak Ukraina etengabe armatzearen "arriskua" azpimarratu du: "Ukrainari mendebaldeko armak emateak egoera ezegonkortzen du, eta krisi humanitarioa larriagotuko luke".

Azkenik, agintari errusiarra prest agertu da "ale ukrainarraren esportazioa bermatzeko moduak bilatzeko", elikagai-laguntza moduan jasotzen duten herrialdeen beharrak arintzeko.

Horren inguruan, eta Eliseoko komunikatu baten arabera, Macronek eta Scholzek "kontuan hartu dute presidente errusiarrak agindu duela ontziak Odesako portura sartzen utziko dituela zerealak esportatzeko, eta Errusiak ez duela militarki ustiatuko, lehendabizi minak kentzen baditu".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena