10:10

Mundua

INDARKERIA MATXISTA

Terrasan bizi ziren bi ahizpa pakistandar torturatu eta hil dituzte, adostutako ezkontza bati uko egiteagatik

EITB MEDIA

20 eta 24 urte zituzten. Joan den astean joan ziren Kataluniatik Pakistanera, bien gurasoek eta osaba-izeba batzuek adostutako ezkontza bat bertan behera uzteko asmoarekin. Orain arte, sei gizon atxilotu dituzte, hilketekin zerikusia dutelakoan.

01:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Torturatu eta tiroz hil dituzte, behartutako ezkontza bati uko egiteagatik. Terrasan (Katalunia) bizi ziren bi ahizpa pakistandar dira biktimak, eta haien lehengusu eta osabak hiltzaileak. Joan den ostiralean izan ziren hilketak Pakistango Gujrat herrian, Punjab probintzian. 

20 eta 24 urteko bi emakumeak  duela urtebete inguru behartu zituzten bi lehengusurekin ezkontzera. Batzuen eta besteen gurasoek adostutako ezkontza bat izan zen, eta emakumeak Bartzelonan eta gizonezkoak Punjaben zeudenez, telematikoki egin zuten zeremonia.

Pakistango Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, joan de ostegunean bi emakumeak Gujratera joan ziren, ezkontza bertan behera uzteko asmotan. Banatzea nahi zuten. Han zain zeuden bi gizonezkoek baina, bi ahizpak erabili nahi zituzten, Espainiara migratu ahal izateko. Bitartekari lanak egitea eskatu zieten. Emakumeek uko egin, eta euren asmoen berri eman zietenean, torturatu eta lo zeuden bitartean tiroz akabatu zituzten. "Ohore krimena" deitzen dieten han.

Orain arte, sei gizonezko atxilotu dituzte — emakumeen lehengusuak eta osabak —, hilketekin lotura dutelakoan. "Badaezpadako atxiloaldia ezarri diete sei atxilotuei. Lehen ikerketen arabera, ohore krimenak izan dira. Emakumeek dibortzioa nahi zuten, behartutako ezkontza baten ondoren. Orain, beste gizon batzuekin ezkontzea nahi zuten",  adierazi du Poliziak.  "Gutxienez beste lau susmagarri" daudela jakinarazi dute ikerketaren arduradunek, tartean, "Espainian dagoen bi ahizpen aita".

Espainiak Islamabaden duen enbaxadako iturrien arabera, bi ahizpek egoitza-baimena zuten Espainian bizitzeko, baina nazionalitate pakistandarra zuten. "Espainiar nazionalitatea ez zutenez, ezin dugu enbaxadak eskaintzen duen laguntza-zerbitzua eskaini", azaldu dute. Halaber, enbaxadatik jakinarazi dutenez, bi ahizpen hilketak "ez dira kasu isolatuak". Azken urteotan, dozenaka laguntza-eskari jaso dituzte, antzeko egoerengatik.

"Ohora krimenak" ohikoak dira Asia hegoaldean. Pakistango Giza Eskubideen Batzordea gobernuz kanpoko erakundeak berriki bildutako datuen arabera, "iaz 478 ohore krimen gertatu ziren Pakistanen". 2004 eta 2018 urteen artean, berriz, 17.628 kasu zenbatu zituzten, baina kopurua askoz handiagoa dela ziur daude, kasu asko ez baitira salatu ere egiten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena