Mundua
Ukrainako gerra
Agentziak | EiTB Media
Bi herrialde nordikoak NATOn sartzeko, Aliantzako kide guztien oniritzia beharrezkoa da, eta Turkia horietako bat da. Eskandinaviarrek Turkia askotan kritikatu dute, kurduen giza eskubideak urratzeagatik.
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea, Kazakhstango homologoarekin, Istanbulen. Argazkia: EFE
Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteak ostiral honetan esan duenez, ez dira Finlandia eta Suedia NATOn sartzearen aldekoak, ekintzaile kurduei eta Ankarak "terroristatzat" jotzen dituen beste pertsona batzuei babesa emateagatik.
"Finlandiaren eta Suediaren inguruko gertakariak adi jarraitzen ari gara, baina ez dugu aldeko iritzia", esan du Erdoganek.
Bi herrialde nordikoak NATOn sartzeko, Aliantzako kide guztien oniritzia beharrezkoa da, eta Turkia horietako bat da.
"Herrialde eskandinaviarrak erakunde terroristentzako ostatuak bezalakoak dira. Are gehiago, terroristek euren parlamentuetan tokia dute", erantsi du Erdoganek.
Suediak eta beste herrialde nordikoek Turkia askotan kritikatu dute, kurduen giza eskubideak urratzeagatik, eta Erdogan presidentearekin kritikoak diren pertsonei asilo eman diete.
Grezia
Bestalde, Greziarekin egindako "hanka-sartzea" errepikatu nahi ez duela azpimarratu du Erdoganek. Turkiako buruzagiaren hitzetan, Atenas NATOn sartu, eta ondoren Aliantza Ankararen kontra erabili zuen.
"Aurreko gobernuek hanka-sartzeak egin zituzten, NATOren inguruan, Greziarekin. Greziaren Turkiarekiko jarrera badakigu jadanik. Ez dugu bigarrenez okertu nahi", adierazi du Erdoganek.
Nahiz eta bi herrialdeek 1952an Aliantzarekin bat egin, 1974an Greziak utzi zuen, Turkiak Zipren egindako operazioa ez eragoztea Aliantzari egotzita. Hala ere, egitura militarrera itzultzeko betoa 1980an kendu zion Turkiak Greziari.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa