17:36

Mundua

NATO

Suedia NATOra batzeak herrialdearen "segurtasuna hobetu eta balizko eraso baten aukerak" murriztuko lituzke

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Suediako Parlamentuak gaur aurkeztu duen txosten baten ondorio nagusienetakoak dira. NATOrekin bat egiteak herrialdeari nola eragingo lioken aztertu dute, eta Parlamentuan eman dute horren berri.

01:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Suedia Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundera (NATO) batzeak Errusiaren balizko eraso baten arriskua "murriztu" egingo luke, eta herrialde hori toki "seguruagoa" litzateke. Ondorio hori utzi du, Parlamentu suediarraren eskariz, hainbat adituk egin duten 43 orriko txostenak. Alderdi guztiek babestu dute txostena, Alderdi Berdeak eta Ezkerreko Alderdiak izan ezik

Ukrainako gerraren erdian, NATOra batzeak Suedian zer eragin izango lukeen aztertu dute txostenean, eta gaur eman dute horren berri hango Parlamentuan, Peter Hultqvistek eta Ann Lindek,  Defentsa eta Atzerri Gaietarako ministro suediarrek, hurrenez hurren.

Zabaldutako datuen arabera, Errusiak Suediaren kontrako erasoa abian jartzeko aukera egon badago; Baltiko itsasotik barrena, Gotland irlari egingo lioke eraso. Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundera batzeak balizko eraso hori hein batean, bederen, ekidin egingo luke.

Txostenaren egileek ez dute esplizituki babesten Suedia NATOn sartzea, baina bertan jasotako ondorioek urrats hori emateko bidea zabalduko diete hango Gobernuari. 

Finlandiako Gobernuak asteon erabaki du aliantzara sartzeko urratsak ematen hastea, eta gaur aurkeztututako idatzian argi eta garbi jaso dute adituek,  Finlandiaren norabide berean joatea "beharrezkoa" dela Suediarentzat.

Behin txostenaren ondorioak izanda, igandean iragarriko du agintean dagoen Alderdi Sozial Demokratak Suedia NATOra batuko den edo ez, eta astelehenean Parlamentuan eztabaidatuko dute gaia.

Azken hamarkadetan mantendu duen "neutraltasun posizioa" hautsiko luke Suediak, Ipar Atlantiko Tratatuaren Erakundera batuz gero. Sobietar Batasuna erori zenean, ez zen lerratu ez alde batera ez bestera,  eta bi mundu gerretatik at geratu zen. Orain, Ukrainako gerrarekin, agertokia bestelakoa da, eta azken hilabete honetan egindako galdeketa baten arabera, suediarren % 53k NATOra batzea babestuko lukete.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena