20:48

Mundua

Ukrainako gerra

Bake negoziazioak bultzatzeko su-eten bat eskatu dute Scholzek eta Macronek

Agentziak | EiTB Media

Berriro presidente izendatu ondoren, Frantziako buruzagiak Berlin bisitatu du, Alemaniako kantzilerrarekin biltzeko.

  • Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

    Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak su-eten bat eskatu dute, bake negoziazioak bultzatu ahal izateko. Bakea Ukrainako burujabetzan eta lurralde osotasunean oinarritu beharko dela erantsi dute.

"Zenbait asteko gerra izan dugu dagoeneko. Gerra honekin bukatzeko bideak bilatu behar ditugu. Baina, horretarako, su-eten bat beharrezkoa da, eta bakeak Ukrainako burujabetza eta lurralde osotasuna errespetatu behar dituela argi dago", adierazi du Scholzek.

"Su-etena behar dugu. Indarkeriarik gabe soilik aurrera eraman daitezke bake negoziazioak", esan du Macronek.

Berriro presidente izendatu ondoren, Macronek Berlin bisitatu du, Scholzekin biltzeko. Ukrainako gerra mahai gainean izan dute, baita Europako proiektuaren etorkizuna, bi herrialdeen arteko harremanak sendotzea eta aldebiko gaiak ere.

Atzerri politikan eta defentsan Frantziaren eta Alemaniaren arteko lankidetza areagotzearen alde agertu da Macron.

Bestalde, formatu politiko berri bat sortzeko ideiaren inguruan mintzatu da, Ukrainako edo Erresuma Batua bezalako herrialdeekin lankidetza areagotzeko; aurrenekoa ez da oraindik EBko kide, eta bigarrenak alde egin zuen, baina biek balio komunak dituzte.

"Ideia egitate geopolitiko batetik abiatzen da. Guztiak kontinente berdinaren parte gara, eta egonkortasuna izateko demokrazia bultzatu beharra dugu", azaldu du Macronek.

Macronen proposamena ideia ona dela uste du Scholzek, baina beste neurri batzuekin uztartzea komeni dela erantsi du. Kantzilerraren hitzetan, Ipar Mazedoniako buruzagiek, esaterako, Europara hurbiltzeko erabaki ausartak hartu dituzte dagoeneko. "Desengainuak saihestu behar ditugu", ohartarazi du Scholzek.

Bestalde, Moskuren aurkako zigorren garrantzia mintzagai izan dute bi politikariek. Zentzu horretan, Errusiako petrolioari blokeoa ezartzearen aurka dauden EBko kideek jarrera aldatzea espero du Macronek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena