18:53

Mundua

ipar irlandako hauteskundeak

Gobernua lehenbailehen eratzera premiatu ditu Londresek Ipar Irlandako alderdiak

agentziak | eitb media

Ipar Irlandarako britainiar ministroak hauteskundeetako bigarren talderik bozkatuenari, unionistei, hautagai bat izendatzeko eskatu die, ahalik eta azkarren botere banatuko gobernu autonomoa osatzeko.

  • Brandon Lewis, Ipar Irlandarako britainiar ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

    Brandon Lewis, Ipar Irlandarako britainiar ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Britainiar Gobernuak Ipar Irlandako alderdiak presatu ditu igande honetan lehenbailehen botere banatuko gobernu autonomo bat osatu dezaten, probintzia horretako arazoak premiaz jorratzeko.

Brandon Lewis Ipar Irlandarako ministroak osteguneko hauteskundeeetan bigarren talderik bozkatuena izan zena deitu du, Alderdi Demokratiko Unionista (DUP), ministro orde nagusi izateko hautagai bat izendatzeko, Ipar Irlandako Gobernuak jarduera berreskuratu dezan.

Historian lehenbizikoz, hauteskundeek Sinn Féin alderdi nazionalistari (IRAren beso politiko izandakoa) eman diote garaipena. Ostiral Santuko Itunaren (1998) arabera, botere banatuko gobernu baten buru izan behar luke.

Hala ere, Jeffrey Donaldson DUPeko liderrak nabarmendu du bere taldea ez dela gobernuan sartuko, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko Ipar Irlandarako Protokoloa kendu arte.

DUPek uko egin dio eskualderako protokolo polemikoari. Londresek eta Bruselak diseinatu zuten, Britainia Handitik datozen merkantziak ikuskatzeko eta merkatu komunitario europarrera kontrolik gabeko produktuen sarrera ekiditeko. Era berean, bi Irlanden arteko muga zorrotza saihesten du, bake prozesurako gakoetako bat.

"Jeffrey Donaldson, DUP eta Stormont Asanbladako alderdi guztiak berriz bildu beharko lirateke, Ipar Irlandako arazoak konpontzeko", adierazi dio ministroak BBC kateari.

Lewisek esan du Gobernu kontserbadoreak ez duela "aukerarik baztertzen" Brexit protokoloari dagokionez, baina Europar Batasunarekin akordio batera iristearen alde egin du, hori moldatzeko.

Era berean, Sinn Feinen garaipena (90 aulkitik 27 lortuta) "esanguratsua" dela aitortu du, eta gogora ekarri du unionistak gehiengoa direla oraindik probintziako legegilean.

Momentuz, alde batera utzi du uhartearen bateratzerako erreferendum (Sinn Feinen azken helburua) bati buruzko eztabaida irekitzeko aukera. Izan ere, haren aburuz, oraindik ez dira kontsulta hori egiteko baldintzak ematen.

Ipar Irlandako Asanbladan ordezkaritza duten alderdietako liderrekin astelehenean elkartzeko asmoa dauka ministroak, gobenua eratzeko elkarrizketari berrekitea lortzeko.

Ipar Irlanda Gobernurik gabe dago, otsailean DUP alderdiak Paul Givan ministro nagusia kendu eta Gobernua eroriarazi zuenetik, protokoloaren aurkako protesta gisa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena