Mundua
Ukrainako gerra
Agentziak | EiTB Media
Bitartean, altzairutegitik atera dituzten aurreneko zibilak Zaporizhiara iritsi dira. Hala ere, 200 zibil inguru oraindik lantegian harrapaturik daudela baieztatu du Mariupoleko alkateak.
Mariupoleko (Ukraina) Azovstal altzairutegiaren satelite irudia. Argazkia: EFE
Errusiako tropek Azovstal altzairutegiaren aurkako azken erasoa abiatu dute, Mariupolen, Azov Erregimentuak zein Ukrainako Poliziako iturriek gaur jakitera eman dutenez.
"Gau osoa airetik bonbardatu digute, bi zibil, bi emakume hil dituzte, eta orain Azovstal eraso egiten ari dira", baieztatu dio Svyatoslav Palamar Kalina Azov Erregimentuko komandanteordeak Ukrainska Pravda egunkariari.
Mijailo Vershinin Mariupoleko Poliziaren buruzagiak ziurtatu duenez, autobusek zibilak eraman dituztenean, errusiarrek "erasoa abiatu dute, egunez zein gauez, orain toki ezberdinetatik ari dira. Defentsa mantendu eta borrokatzen jarraitzen dugu".
Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak salatu du Azov erregimentuko eta Ukrainako Armadaren soldaduek zibilak ebakuatzeko su-etena sotoetatik atera eta borrokarako prestatzeko baliatu dutela.
Mariupoleko (Ukraina) Azovstal altzairutegitik atera dituzten lehen zibilak, Zaporizhian. Argazkia: EFE
Bitartean, altzairutegitik atera dituzten aurreneko zibilak Zaporizhiara iritsi dira gaur. Zaporizhia Mariupoletik 200 kilometro baino gehiagora dago.
Autobusek Nazio Batuen Erakundea eta Gurutze Gorria bizkartzain izan dituzte. Emakumeak, umeak eta adinekoak ekarri dituzte, gerraren operazio korapilatsuenetako batean: irteera zaila izan da, eta bidaia, aurreikusi baino luzeagoa. Kontrol eta borroka guneetatik pasa dira, eta bidean lo egin behar izan dute.
Hala ere, 200 zibil inguru oraindik lantegian harrapaturik daudela baieztatu du Vadim Boichenko Mariupoleko alkateak astearte honetan.
Era berean, Boichenkok ohartarazi duenez, Mariupoletik gertu dagoen Berdiansk hiritik 2.000 bizilagun ateratzeko ebakuazioa oztopatu dute Errusiako tropek, Ukrinform albiste-agentziaren arabera.
Boichenkok uste du Mariupolen 100.000 pertsona baino gehiago zain daudela hiritik ateratzeko. "Atzo Azovstalen aurkako erasoak hasi ziren, ebakuazioaren ondotik", deitoratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa