13:13

Mundua

UKRAINAKO GERRA

Errusiak dio herrialde gehiagori etengo diela gas-hornidura errubloetan ordaindu ezean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europar Batzordeak xantaiatzat jo du Errusiak egindakoa eta errublotan ordaintzen duten enpresek zigorra jasoko dutela ohartarazi du.

  • Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: PBS.

    Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: PBS.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Errusiak orain arteko erantzunik gogorrena eman die gaur Europar Batasunak ezarritako zigorrei: izan ere, gas-hornidura eten die Poloniari eta Bulgariari, bi estatu hauek ez dutelako apirileko gasari dagokion faktura errublotan ordaindu. Gainera, Kremlinak ohartarazi duenez, bidalketak beste herrialde batzuentzat ere geldituko dituzte, errubloetan ordaintzeko mekanismo berria onartzen ez badute.

Europar Batzordeak, baina, xantaiatzat jo du Errusiak egindakoa. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiaren "xantaia onartezina" dela dio eta gasa xantaiarako tresna gisa erabiltzeko Errusiaren beste saiakera bat dela uste du. "Ez du justifikaziorik eta onartezina da ", ziurtatu du Europako Batzordeko buruak adierazpen batean.

Gobernu errusiarrak, berriz, salaketa horiek ukatu egin ditu argudiatuz garaiz jakinarazi zutela bere gasarengatik ordainketak ez zituztela errublotan baino onartuko. Hala, Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak ohartarazi du agindu hori bete ezean, gas-hornidura etengo zaiela beste estatu batzuei ere.

Gaur-gaurkoz Hungaria da Errusiari gasa errublotan ordaintzen dion Europar Batasuneko estatu bakarra, baina Errusiak oraingoz Bulgaria eta Polonia baino ez ditu zigortu.

Gazpromeko iturriek diote maiatzaren erdian espero dituztela hurrengo ordainketak, eta orduan ikusiko dela ea errublotan ordaintzen duten edo ez.

Errusiako gasa errubloetan ordaintzea zigortu egingo duela ohartarazi du Bruselak

EBko gasa koordinatzeko taldeak, bestalde, ezohiko bilera egin du asteazken honetan erantzun koordinatuan aurrera egiteko. Europako Batzordeko presidenteak esan duenez, eurotan edo dolarretan kontratuak dituzten Europako energia-enpresek "ez dituzte errusiarren eskariak onartu behar", Europak Moskuren aurka jarritako zigorrak urratzen ari direlako eta "arrisku handia" izango luketelako.

Peskovek iradokitakoaren aurrean, berriz,  hau da, estatu-kide batzuk hasiak direla dagoeneko fakturak errubloetan ordaintzen, presidenteak ez du baieztatu nahi izan egia den edo ez, baina azpimarratu du "errubloetan ordaintzea, kontratuan aurreikusita ez badago, gure zigorrak ez betetzea" dela.

Polonia eta Bulgaria lasai agertu dira

Poloniak eta Bulgariak mendekotasun handia dute Errusiarekiko, 50ekoa eta 70eko, hurrenez hurren, baina lasai agertu dira bi gobernuak. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak esan du biltegiak % 76ra beteta dituztela.

Bulgariako Gobernuak arazo gehiago izan ditzake baina esan dute Turkiatik eta Greziatik gas likidotua jasotzea espero dutela.

Bien bitartean, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak adierazi du Europako Parlamentuak "Kremlinek kontrolatutako energia-hornikuntzen gaineko enbargoa" eskatu duela, eta "autokraten dependentziak behingoz mozteko" eskatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena