Mundua
Palestina eta Israel
Agentziak | EITB Media
Azken egunetan istiluak izan dira Meskiten Zabalgunean. Juduen bisitak eta Poliziaren kargak gaitzetsi dituzte Gazako miliziek eta herrialde arabiarrek.
Liskarrak iragan larunbat goizaldean, Hebronen. Argazkia: EFE
Israeldarren eta palestinarren arteko tentsioak gora egin du azken egunetan. Inguruko herrialdeek eta AEBk diplomazia lanean jarri dute, Jerusalemen indarkeria areagotzea saihesteko; izan ere, Meskiten Zabalgunean istiluak gertatu dira azkenaldian.
Jordaniak eskatuta, Arabiar Estatuen Batzordeak Atzerri ministroak deitu ditu gaur Al-Aqsa meskitaren egoera aztertzeko; Yair Lapid Israelgo Atzerri ministroa, aldiz, AEBko Estatu Departamentuko ordezkaritza batekin bildu da.
Arabiar ministroek ohartarazi dutenez, "erasoak eta urraketak sentimendu musulmanentzako probokazio nabarmena dira"; beraz, "beste indarkeria garai bati hasiera emateko mehatxu bat dira", erantsi dute. Iazko maiatzean, Israelen eta Gazako milizia palestinarren artean, hamaika eguneko gerra gertatu zela gogorarazi dute.
Bestalde, Lapiden hitzetan, Israel "indarkeria, beldurra eta kaosa ezartzeko helburua duen muturreko islamismoarekin" borrokatzen ari da. Eskualdeko buruzagiei "egoera lasaitzeko modu arduratsuan jokatzea" eskatu die. Israelgo Gobernua toki sakratuaren estatusa babesteko eginahalak egiten ari dela erantsi du Lapidek.
Ismael Haniye Hamaseko buruzagiak Segei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin telefonoz hitz egin du gaur. "Toki santuetako estatusa urratzea onartezina da", azpimarratu dute bi agintariek. "Egoera gehiago okertzea eta liskarrak borroka militarrean bukatzea eragotzi behar da", gaineratu dute.
Zabalgunearen estatusa
1967an indarrean sartu zen estatusaren arabera, Jordaniak Meskiten Zabalgunea babesten du, eta musulmanek bakarrik dute gurtzeko eskubidea bertan; juduak bisitari gisa soilik sar daitezke, eta handik hurbil dagoen Erosten Harresian otoitz egin dezakete.
Hala ere, gero eta kolono judu gehiago sartzen dira esparruan otoitz egitera. Arabiarrek eta palestinarrek probokazio bezala ikusten dute. Al-Aqsa euren nortasun nazionalaren parte da, ramadan hilabete sakratuan bereziki.
Juduen bisitak eta Poliziaren kargak gaitzetsi dituzte arabiarrek eta Gazako miliziek. Azken horiek koheteak jaurti dituzte Gazako Zerrendatik, eta Israelek Hamasen gotorlekuak bonbardatu ditu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa