07:33

Mundua

UKRAINAKO GERRA

Gogor gaitzetsi ditu nazioarteak Butxako "gerra krimenak"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europar Batasunak zibilen kontrako sarraskiak egitea leporatu dio Errusiari eta zigor gehiago iragarri ditu. Errusiak dio "muntaia" bat dela. NBEk ikerketa independentea eskatu du.

  • Hildako bat, errepidean, Butxan. Argazkia: EFE

    Hildako bat, errepidean, Butxan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak esan du Europar Batasunak zigor gehiago jarriko dizkiola Errusiari, Ukrainako Butxa hirian izan diren "izugarrikeriak" direla eta. Gutxienez 400 zibilen gorpuak aurkitu dituzte bertan, horietako asko eskuak lotuta eta fusilatuta.

"Kasua nazioarteko auzitegietan epaitu ahal izateko beharrezko frogak bilduko ditugu", esan die Michelek Ukrainako Gobernuari eta gobernuz kanpoko erakundeei, eta "EBren zigor berriak eta babes handiagoa bidean daude", iragarri du.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere, gaitzetsi egin ditu Errusiako Armada erretiratu ondoren aurkitutako "ondorio konponezinak", eta "premiazko ikerketa independentea" eskatu du. "Arduradunak epaituak izango dira", esan du.

Josep Borrell EBko Atzerri Arazoetarako eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkariak nabarmendu duenez, "EBk Ukraina babesten du gerra krimenak dokumentatzeko. Kasu guztiak Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitu behar dira".

Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak igande honetan esan duenez, Butxako irudiak "ukabilkada bat dira sabelean". "Ezin gara horrelakoen aurrean bihozgabe bihurtu. Ezin dugu normalizatu. Hori da egunero gertatzen ari denaren errealitatea", ziurtatu du AEBko Estatu idazkariak.

Estatu Batuetako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako, Espainiako eta beste hainbat herrialdetako gobernuetako ordezkariak ere antzera mintzatu dira azken orduotan.

Christian Lindner Alemaniako Finantza ministroak iragarri du Europako aliatuei dei egingo diela astelehen honetan bertan, Errusiaren aurkako zigorrak gogortzeko: "Bihartik aurrera gure kideekin eztabaidatuko dugu nola gogortu ditzakegun Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurkako zigorrak", jakinarazi du Lindnerrek Twitterren. "Butxako irudiek Ukrainaren aurkako gerraren izaera kriminala erakusten dute. Jasanezina da", gaineratu du.

Liz Truss Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministroak Ukrainako zibilen aurkako "erasoak" ikertzeko beharra defendatu du. "Ez dugu onartuko Errusiak bere inplikazioa desinformazio zinikoarekin estaltzea, eta Errusiaren ekintzak argi eta garbi geratzea bermatuko dugu", azaldu dio The Guardian egunkariari.

Butxako zibilen heriotzari buruzko ikerketa independentea eskatu du Nazio Batuen Erakundeak

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia erabat hunkituta agertu da Butxako irudiak ikusita, eta ikerketa independentea eskatu du gertatutakoaren inguruan. "Erabat hunkituta nago Ukrainako Butxa hirian hildako zibilen irudiak ikusita. Funtsezkoa da ikerketa independente bat izatea, arduradunak zigortzeko", adierazi du Guterresek ohar labur batean.

Moskuk ukatu egin ditu akusazioak, eta Ukrainak egindako "muntaia" dela salatu du

Bien bitartean, Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du Butxan gerra krimenik egin izana. Bertan eman dituzten 6 asteetan "bertako biztanle bakar batek ere ez du indarkeriazko ekintzarik pairatu", esan dute, eta bitartean, "ukrainar indarrek eguneko 24 orduetan zehar bonbardatzen zuten hiria, kalibre handiko artilleriarekin, tankeekin eta suziri anitz jaurtitzeko sistemekin".

Ministerioaren arabera, "errusiar unitate guztiek utzi zuten Butxa martxoaren 30ean", eta hurrengo egunean Butxako alkateak ez omen zuen hildakoen berri eman.

Hala, hirian dauden gorpuen "argazki eta bideo guztiak Kieveko erregimenak mendebaldeko hedabideentzat egindako eszenaratzea baino ez dira, bere garaian Mariupolgo ama eta ume jaioberrientzako ospitalearekin gertatu bezala", azaldu dute. Hildakoak prentsa hirira iristearekin batera "atera" direla salatu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena