Mundua
UKRAINAKO GERRA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Guztiak hilik egon beharko ginateke, orduan bakarrik beteko da Kharkiv, Mariupol edo Kiev entregatzeko ultimatuma. Ezin dugu egin", adierazi du Ukrainako presidenteak. Errusiako Armadak merkataritza-gune bat bonbardatu du Kieven, eta Sumyko gobernadoreak amoniako ihesa izan dela ohartarazi du.
Mariupol hiria, suntsituta. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia
Moskuk Mariupol hiria uzteko jarritako epearen inguruan galdetu diotenean Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ziurtatu duenez, "guztiak hilik gaudenean" soilik onartuko dute Errusiaren ultimatum bat.
"Ukrainak ezin du sekula Errusiako Federazioaren ultimatum bat bete. Guztiak hilik egon beharko ginateke, orduan bakarrik beteko da Kharkiv, Mariupol edo Kiev entregatzeko ultimatuma. Ezin dugu egin", adierazi du Zelenskik Europako prentsari eskainitako elkarrizketan.
Edonola ere, Errusiarekin adosten diren konpromisoak Ukrainako herritarrek berretsi beharko dituzte erreferendumean, Ukrainako agintariak iragarri duenez.
"Negoziazio talde guztiei azaldu diet, aldaketa guztien inguruan hitz egiten denean, eta historikoak izan daitezke (…) erreferendum batera iritsiko gara. Konpromiso formatu jakinen aurrean jendeak erabaki eta erantzun beharko du", azaldu du Zelenskik.
"Edozein gauza egiteko" prest dagoela esan du Ukrainako presidenteak, pausoak herritarren babesa baldin badute, Ukrinform agentziak jakitera eman duenez.
Bestalde, Zelenskik oposizioko hamar alderdi baino gehiago debekatu ditu. Ukrainako presidenteak igande goizaldean azaldu zuenez, Segurtasun eta Defentsa Kontseiluak erabakia hartu du "eskala handiko gerraren aurrean, eta egitura politiko batzuek Errusiarekin dituzten loturak ikusita". "Gerra-legea aplikatzen den bitartean" neurria indarrean egongo dela erantsi zuen agintariak.
Errusiako Armadak Kieveko merkataritza-gune bat bonbardatu du
Errusiako Armadak merkataritza-gune bat bonbardatu du Kieven, eta gutxienez zortzi pertsona hil dira, Ukrainako Fiskaltzak zabaldutako informazioaren arabera.
Hasiera batean Ukrainako Larrialdi Zerbitzuek zabaldu dutenez, lau pertsona hil dira eta bat zauritu da.
Bonbardaketaren ondorioz, sute bat piztu da, eta sugarrak merkataritza-guneko hirugarren eta laugarren solairuraino iritsi dira.
Amoniako isuria Sumyn
Sumy hirian, tropa errusiarren menpe dagoen planta kimiko batean izandako amoniako isuria kontrolpean hartu dutela ziurtatu dute Ukrainako agintariek.
Salatu dutenez, Errusiaren eraso baten ondotik gertatu da amoniako ihesa. Hori dela eta, bertatik bost kilometro baino gutxiagora dauden herritarrei babesteko eskatu die Sumyko gobernadoreak.
Odesaren aurkako lehen erasoa salatu dute Ukrainako agintariek
Ukrainako gerra hasi zenetik lehen aldiz, Errusiako Armadak Odesa hiriari eraso diola salatu dute bertako agintariek. Erasoa Odesako kostaldean dauden gerraontziek egin dute, horien arabera.
Odesako Udalak Telegram sare sozialean argitaratutako mezu batean adierazi duenez, "faxista errusiarrek Odesako bizilagunek lo egiten zuten hainbat etxebizitza-eraikini eraso egin die".
Tiro eremu baten aurkako erasoa Rivne eskualdean
Hainbat pertsona zauritu dira Rivne eskualdean, gaur goizean indar errusiarrek tiro eremu baten aurka misilez egindako eraso batean.
"Lehen informazioen arabera, hainbat pertsona zauritu dira. Aurrerago emango dugu informazio zehatzagoa", esan du Rivneko alkateak.
Ukrinform albiste agentziak zabaldu du errusiarrek bi eraso egin dituztela misilak erabiliz.
Ukrainako Armadak Donetsk eskualdean egindako erasoetan bi zibil hil direla salatu dute
Donetskeko herri errepublikako agintariek astelehen honetan salatu dutenez, bi zibil hil dira Ukrainako Armadak azken orduetan egindako erasoetan.
Su-etena kontrolatzeko eta koordinatzeko zentroaren arabera, Ukrainako Armadak 26 eraso egin ditu Donetsken azken 24 orduetan, eta gutxienez 28 pertsona zauritu dira.
Bestalde, Luhanskeko herri errepublikako ordezkariaren hitzetan, Ukrainako indarren eraso bat izan da azken orduotan, baina ez du balizko biktimen inguruko informaziorik eman.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa