Mundua
mendebaldeko sahara
agentziak | eitb media
Espainiako Gobernuak "etapa berri" baten hasiera iragarri du Marokorekiko harremanean, elkarrenganako errespetuan oinarritua eta bi herrialdeen egonkortasuna zein lurralde-integritatea bermatzean jarrita begirada.
Marokok Sahararen autonomiarako proposatutako plana babestu du Espainiak. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko Presidenteak Mohamed VI erregeari helarazi dionez, Marokok 2007an Mendebaldeko Sahararentzako botatako proposamena da "eztabaida hau ebazteko oinarririk sendoena, sinesgarriena eta errealistena" Espainiarentzat. Hala azaldu du Marokoko Kabinete Errealak komunikatu baten bitartez zabaldutako gutunean.
Kabinete Errealaren oharraren arabera, "Sahararen gaiak Marokorentzat duen garrantzia onartzen duela" azpimarratu du Sanchezek mezuan, eta nabarmendu ditu "Marokok Nazio Batuen testuinguruan egindako esfortzu serio eta sinesgarriak", Marokok eta Fronte Polisarioak Espainiaren kolonia ohiagatik duten eztabaidari "elkarrentzat onargarria den konponbidea aurkitzeko".
Gutunean, Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du "bereizi ezinik batuta" daudela, "estimuagatik, historiagatik, geografiagatik, interesengatik eta laguntasun partekatuagatik". Gainera, ziur dago "bi herrialdeen patuak ere era berean batuta" daudela, eta "Marokoren oparotasuna Espainiakoari lotuta" dagoela, eta alderantziz.
Sanchezek marokoar subiranoari helarazi dionez, "Espainiak lagun eta aliatu handi bati zor zaion erabateko gardentasunarekin jardungo du". "Ziurtatu dezaket Espainiak haren konpromisoak eta hitza beteko dituela beti", gaineratu du espainiar presidenteak.
Gutunean, Sanchez migrazioaren gaiaz aritu da, eta monarkari errepikatu dio "erronka komunei elkarrekin aurre egiteko asmoa, bereziki Mediterraneoko eta Atlantikoko migrazio-jarioaren kudeaketan elkarlana".
Marokok eta Espainiak azken bi hamarkadetan bizi izandako krisi larrienetik zenbait hilabetera igorri da mezua. Iazko apirilean hasi zen krisi hori, Brahim Gali Fronte Polisarioko burua Espainian hartu zutenean, Logroñon ospitaleratzeko, eta maiatzean migrante ugari igerian Ceutan sartu zirenean.
"Etapa berri" bat
Espainiako Gobernuak "etapa berri" baten hasiera iragarri du ostiral honetan Marokorekin duen harremanean, elkarrenganako errespetuan oinarritua eta bi herrialdeen egonkortasuna zein lurralde-integritatea bermatzean jarrita begirada.
"Gaur etapa berria abiatu dugu Marokorekin dugun harremanean, elkarrenganako errespetuan, akordioen betetzean, aldebakarreko ekintzen faltan eta etengabeko gardentasunean eta komunikazioan oinarritua", ziurtatu du Gobernuak.
Harremanaren etapa berria "asmo handiko bide-orri argi" baten testuinguruan garatuko da, "egonkortasuna, subiranotasuna, lurralde-integritatea eta gure bi herrialdeen oparotasuna bermatzeko".
Polisarioak dio Sanchez Marokoren "xantaian erori" dela
Fronte Polisarioaren arabera, Pedro Sanchez Gobernuko presidentea Marokoren "presioan eta xantaian erori da" Mendebaldeko Sahararen autonomiarako egitasmoa bermatzean, bi herrialdeen arteko harreman politiko eta diplomatikoak konpontzeko "bidesari" gisa.
Abdulah Arabi Polisarioaren Espainiako arduradunak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak urteak daramatza "Marokori atsegin egiteko etengabeko saiakeran". Haren ustez, deskolonizazioaren zain dagoen lurralde baten "potentzia administratzaile" bezala, ez dagokion "anbiguotasun" batekin jolasten ari da.
Arabirentzat, Espainiak orain kolonia ohiaren etorkizuna erabakitzeko egitasmoa aukerarik errealistena bezala jotzeak agerian uzten du Gobernuaren "hipokrisia", "nazioarteko legalitatea defendatzeaz" ari denean.
Zentzu horretan, nabarmendu du Rabaten plana "aukera bat" dela, baina "ez da konponbidea", eta autodeterminazioa aintzat hartuko duen erreferendum bat deitzeko beharra aldarrikatu du, Mendebebaldeko Sahara Marokoren asmoen menpe geratu ordez.
Podemos Sanchezengandik bereizi da, eta "Saharako herriaren borondatea" errespetatzeko eskatu du
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak distantzia ezarri du Pedro Sanchez presidentearekiko. Izan ere, ziurtatu du Mendebaldeko Sahararen gatazkaren konponbiderako bidean izan behar direla "elkarrizketa eta saharar herriaren borondate demokratikoarekiko errespetua".
Reafirmo mi compromiso con la defensa del pueblo saharaui y con las resoluciones del Consejo de Seguridad de las Naciones Unidas.
— Yolanda Díaz (@Yolanda_Diaz_) March 18, 2022
Toda solución al conflicto debe pasar por el diálogo y el respeto a la voluntad democrática del pueblo saharaui. Seguiré trabajando en eso.
Bere aldetik, Ione Belarra Podemosen buru eta Gizarte Eskubideen ministroak aldarrikatu du gatazka honek "konponbide politiko bidezkoa, iraunkorra eta onargarria" behar duela "alde guztientzat", Segurtasun Kontseiluaren ebazpenekin bat "saharar herriaren determinazio askea aurreikusiko duena". "Espainiak ezin du nazioarteko zuzenbidetik aldendu", erantsi du.
El conflicto del Sahara Occidental exige una “solución politica justa, duradera y aceptable para todas las partes” de acuerdo con las Resoluciones del Consejo de Seguridad que “prevea la libre determinación del pueblo saharaui”. España no debe apartarse del derecho internacional.
— Ione Belarra (@ionebelarra) March 18, 2022
Gainerako alderdien jarrera
Jon Sebastian Rodriguez Forrest IU taldeko Nazioarteko saileko arduradunak gaitzetsi egin du Gobernuko presidenteak Mendebaldeko Sahararen inguruan azaldutako jarrera. Azpimarratu du autodeterminazio erreferendum bat abiatzea ez den erabaki oro "sistematikoki giza eskubideak bortxatzen dituen okupazio kriminala iraunaraztea" dela.
Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Senatuko bozeramaileak ere leporatu dio Sanchezi "saharar herriari autodeterminaziorako legezko eskubidea ukatu" izana.
Jose Ramon Bauza Ciudadanoseko eurodiputatuak, berriz, uste du Gobernuak Mendebaldeko Sahararen autonomiarako plana oinarri "serio eta errealista" jotzea Marokoren aurreko "amore emate haserregarriena" dela.
Bestalde, Pablo Perpinya Mas Madrideko senatariak azalpenak eskatu dizkio Pedro Sanchezen Gobernuari Marokoko erregeari bidalitako gutuna dela eta, aurpegiratuz "okupazio ilegala" dela.
Gainera, Coalicion Canaria alderdiak "berehalako azalpenak" eskatu dizkio Pedro Sanchez presidenteari, Estatuak Mendebaldeko Sahararen estatus politikoaren inguruan egindako "norabide aldaketagatik", azken hamarkadetan zehar defendatutakoaren "aurka" doalako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa