18:10

Mundua

Ukrainako gerra

Europar Batasunak "nabarmen" handituko du gastu militarra, eta Moskuren aurkako zigor gehiago adostu ditu

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Bestalde, Versaillesen egindako goi-bileran, Hogeita zazpiek iragarri dute beste zigor-sorta bat onartuko dutela Errusiaren aurka. Laugarrena izango da. Zigor sorta berria larunbat honetan izango da indarrean, eta Errusiaren merkataritzari murrizketak ezarriko dizkio.

1:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek iragarri dute gastu militarra "nabarmen" handitzea adostu dutela, Errusiak Ukrainari eraso egin eta gero sortutako segurtasun kezka berrietara moldatzeko.

Versaillesen (Frantzian) egindako goi-bilera informal batean, Hogeita zazpiek konpromisoa berretsi dute "Defentsa baliabideetan gehiago eta hobeto inbertitzeko".

Horren ildotik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eskerrak eman dizkie defentsa gastua handitzea proposatu duten herrialdeei, "eta beste batzuk" bide beretik ibiltzea espero duela gaineratu du.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak adierazi du Ukrainako inbasioak "errotu" egin duela "euroar defentsaren jaiotza". Dena dela, ohartarazi du oraindik beharrezkoa dela inbertsio sektoreak identifikatzea.

Europako agintariak berriz bilduko dira zehazki segurtasuna eta defentsa hizpide. Oraindik ez dute dataik adostu, baina baliteke maiatzean izatea, ekainean NATOk Madrilen egingo duen bilera baino lehenago.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du 2024rako estatuak BPGren % 1,24ra igoko duela. Zenbaki hori oraindik urrun dago NATOk eskatzen duen % 2tik.

Zigor gehiago Moskurentzat

Bestalde, Ursula von der Leyenek iragarri du Hogeita zazpiek laugarren zigor-sorta bat onartuko duela Errusiaren aurka, G7 taldearekin koordunatuta.

"Laugarren zigor-sorta onartuko dugu, eta horrrek are gehiago bakartuko dute Errusia nazioarteko ekonomian", adierazi du.

Bere aldetik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak aurreratu du "ordu batzuen buruan" berriz ere hitz egingo duela Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batera, eta ohartarazi du "zigor masiboak" onartuko dituztela Moskuren aurka, Ukrainako inbasioan atzera egin ezean.

Zigor sorta berria larunbat honetan izango da indarrean, eta Errusiaren merkataritzari murrizketak ezarriko dizkio, hala nola, Munduko Merkataritza Erakundearen markoan dituen etekinak kentzea, eta Nazioarteko Diru Funtsetik eta Munduko Bankutik kanpo uztea bilatuko du.

Gainera, EBk Errusiako eliteak are gehiago estutu nahi ditu, eta Valdimir Putinen erregimenetik onura ateratzen duten pertsonen eta oligarken zerrenda beltza luzatuko du. Aurreko zigorren hutsuneak beteko ditu, bereziki kriptodiru sektorean, Putinen ingurukoek finantza murrizketatik ihes egiten ez dutela bermatzeko.

Era berean, EBk luxuzko esportazioei eraso egingo die, Kremlinetik gertu dauden oligarkak zigortzeko beste neurri batean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena