17:33

Mundua

UKRAINAKO GERRA

Hondamendi humanitarioa Mariupolen: "Herritarrek ez dute urik, ez elikagairik, ezta umeentzat ere"

EITB MEDIA

Donbass eskualde historikoaren parte den hiri honetan 24 orduko su-etena eta giza korridore bat ezartzea eskatu du Ukrainak gaur goizean Turkian Errusiako atzerri ministroarekin egindako bileran. Honek, baina, atzera bota du aukera hori.

2:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariupol hiri ukrainarra hondamendi humanitarioa bizitzen ari da Errusiako Armadaren setioaren ondorioz. Herritarrek ez dute elikagairik, ez urik, ez argindarrik, ezta umeentzat ere. Hala azaldu du Sasha Volkov Gurutze Gorriko ordezkariak, erakunde horretako nazioarteko batzordeko (CICR) kideekin egindako telefono dei batean.

"Herritarrak euren kabuz ari dira ura biltzen. Udala ur-botilak banatzen ari da zenbait puntutan, baina hori ez da nahikoa beharrak asetzeko. Askok ez dute urik", adierazi du.

Volkoven esanetan, hiriko farmazia guztiak "duela lauzpabost egun arpilatu zituzten. Pertsona batzuek janaria dute, baina ez dakit zenbat iraungo zaien. Askok esaten dute umeentzat ere ez dutela elikagairik".

"Gaixotzen hasi gara, hezetasunaren eta hotzaren ondorioz. Garbitasun minimoa mantentzen saiatzen ari gara, baina beti ez da poible", esan du.

Mugarik Gabeko Medikuek (MSF) ohartarazi dute: "osasun sistema kolapsoaren atarian dagoen hiri batean, jendeari osasun arreta ukatzea gerra legeak urratzea da".

Azken egunetako borrokaldien ondorioz, etxebizitzetan eta ospitaleetan kalteak baieztatu ditu Kate White MSFko larrialdi arduradunak.

Catherine Russell Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko (UNICEF) zuzendari exekutiboa "ikaraturik" azaldu da. Nahiz eta gatazkan murgilduta izan, "betebeharrak" dituztela gogorarazi die bi aldeei.

Irina Saghoyan Save the Childrenen Europa ekialdeko zuzendariak kritikatu duenez, "jendea laguntza bila doan lekua, suntsipen toki bihurtu da". "Familiak eta haurrak nora joango dira ospitaleak ere seguruak ez baldin badira?", deitoratu du.

"Mariupolen, oraintxe bertan ez dago edateko urik, ezer, eta nondik atera ez dago", kontatu du Olexander MSFko langileak, gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutako grabazioan.

Jendeak ahal duen bezala bizirauten du, "parkeetan iturriak bilatuz edo elurra urtzen denean teilatuetatik hartuz". Gainera, herritarrek "ez dute janaria aurkitzeko modurik, ezta janaria berotzeko ere", ohartarazi du Olexanderrek.

"Ume txikiak dituztenentzako ere egoera oso-oso txarra da, gauza gehiago behar dituztelako, higiene produktuak esaterako, eta inon topatzeko modurik ez dago", gaineratu du.

Eraso gehien izan dituen hirietako bat

Mariupol portu-hiria Errusiako tropen eraso gehien jasaten ari den hirietako bat da gerra hasi zenetik. Azken orduetan haur ospitale baten aurka egindako erasoan gutxienez hiru pertsona (ume bat tartea) hil direla iragarri dute Ukrainako iturriek. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak "ankerkeriatzat" jo du ospitalearen aurkako bonbardaketa. 

Sergei Lavrov Errusiako Kanpo Arazoetako ministroak, bestalde, ukatu egin du haur-ospitale horretan gaixoak zeudela, eta "Ukrainako ikuspuntua" soilik erakustea egotzi die "mendebaldeko hedabideei".

Testuinguru horretan, ostegun honetan Ukrainako eta Errusiako Atzerri ministroek gerraren aurrean aurrerapausoak emate aldera Turkian egin duten bilera akordiorik gabe amaitu da. Kievek 24 orduko su-etena eta giza korridore bat ezartzea eskatu du Mariupolen. Errusiak, ordea, baztertu egin du.

Dmytro Kuleba Ukrainako Kanpo Arazoetako ministroak adierazi duenez, harremanak su-eten akordiorik gabe amaitu dira, baina "negoziazioekin jarraitzeko" prest agertu da. "Ukrainak korridore humanitario bat proposatu du Mariupoletik eta Mariupolerantz, eta gutxienez egun bateko su-etena zibilen arazo humanitarioak konpontzeko. Errusiarrak, baina, ez dira ados egon. Negoziazioekin jarraitzeko prest nago", esan du.

Une honetan, Ukrainako Mariupol hiriko biztanleak ebakuatzeko Ukrainak eta Errusiak adostutako korridore humanitarioa erabat blokeatuta dago. Ukrainako hego-ekialdean dagoen 500.000 biztanleko hiria da Mariupol, eta Udalak hirian azpiegitura zibilak nahita suntsitzea leporatu die indar errusiarrei. Bonbardaketen ondorioz 1.000 zibil inguru hil direla uste dute.

Errusiak areagotu egin du Mariupolen gaineko presioa azken egunotan, Ukraina ekialdean kontrolatzen dituen lurraldeak eta Krimeako penintsula batzeko asmoz. Zibilak ebakuatzeko planek apurka-apurka jarraitzen dute aurrera Maiupolen, tropa errusiarren eta ukrainarren iritzi kontrajarrien artean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena