Mundua
UKRAINAKO GERRA
AGENTZIAK | EITB Media
Gobernu ukrainarrak, baina, Ukrainako hainbat hiritatik Errusiara korridore humanitarioak ezartzeko Moskuk eginiko proposamena "zentzugabea, zinikoa eta onartezina" dela uste du.
Zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak sortzeko "baldintza bakar bat ere ez betetzea" leporatu die agintari ukrainarrei Errusiako Armadak, Ukrainako hainbat hiritan aldi baterako su-etena iragarri ostean. Ukrainako Gobernuak, bere aldetik, Moskuk egindako proposamena "zentzugabea, zinikoa eta onartezina" dela uste du.
"13:00ak arte (tokiko ordua), Ukrainak ez du baldintza bakar bat ere bete korridore humanitarioak sortzeko", adierazi du Mijail Mizintsev Errusiako Defentsa Kontrolatzeko Zentro Nazionaleko buruak. Zentzu horretan, gaitutako sei korridore humanitarioetatik gertu, Errusiako Armadak Ukrainako Indar Armatuen eta "nazionalisten" 170 eraso baino gehiago zenbatu dituela adierazi du.
Era berean, Frontearen lerroan armatuta dauden pertsonen mugimendu handia salatu du, eta erasoak une batean ere ez direla gelditu salatu du. Gainera, Mariupolen herritarrek konboi humanitarioetan aurrera egiteko edozein saiakera "gogor zapaldu" dutela azpimarratu du.
Ukrainako gerra hasi zenetik 12. eguna betetzen den honetan, Errusiako Armadak korridore humanitarioak iragarri ditu (Euskal Herrian 08:00ak zirenean ezarri behar zituzten) Ukrainako hainbat hiritan: Kieven, Mariupolen, Kharkiven eta Sumyn. Errusiako Armadak berak iragarri die albistea Gurutze Gorriari, Nazio Batuen Erakundeari eta Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeari.
"Kiev, Kharkiv, Sumy eta Mariupol hirietako egoera humanitario tamalgarriaren eta larriaren aurrean", isiltasun erregimena ezarri eta korridore humanitarioak irekiko dituela dio Errusiako indar armatuen komunikatuak.
Ukrainako Gobernuak, ostera, uste du "zentzugabea, zinikoa eta onartezina" dela astelehen honetan Errusiako agintariek Ukrainako hainbat hiritatik Errusiara zibilak eramateko egindako proposamena.
Kieven, pasabide humanitarioa Hostomel hiritik barrena Txernobylera eta Bielorrusiako Gden herrira (Bielorrusia) iritsiko da.
Mariupoletik, bi ihesbide aurreikusi ditu. Lehenengoa Mariupoletik Errusiako Rostov hiriraino joango da; bigarrena, berriz, Mariupoletik Manhushera, Donetsken.
Kharkiven, pasabide humanitarioak Belgorod izango du helmuga (Errusia). Halaber, Sumy hiritik bi ibilbide aterako dira: lehena Belgoroderaino (Errusia) eta bigarrena Poltavaraino (Ukraina).
Azken egunetan Mariupol hiritik zibilak ateratzeko bi saiakerak porrot egin ondoren ikusi egin beharko da agindutakoa betetzen den ala ez.
Asteartean Donetsk eskualdeko Horlivka hiria ebakuatuko dute
Independentzia aldarrikatu duen Donetskeko Herri Errepublikako agintariek iragarri dutenez, datorren asteartetik aurrera, Horlivkako 200.000 biztanle Errusiara ebakuatuko dituzte.
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, Ukrainako Armadak zibilen aurkako bonbardaketak areagotu dituela salatu dute.
Ivan Prikhodko hiriko alkateak igande honetan baieztatu dio albistea Interfaxi: "Ukrainako indar armatuen bonbardaketei dagokienez, martxoaren 8tik aurrera emakume, haur eta adinekoak Errusiako Federazioaren eremu seguruetara eramango dira".
Mariupoleko korridore humanitarioa minaz beteta dagoela ziurtatu du Gurutze Gorriak
Mariupoleko korridore humanitarioa minaz beteta dagoela ziurtatu du astelehen honetan Dominik Stillhart Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko (CICR) zuzendariak.
Korridore humanitarioen inguruko akordioak ez direla oso zehatzak salatu du. Bi aldeak hitz egiten ari badira ere, zerbait "zehatza" adostea zaila izaten ari dela onartu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa