20:43

Mundua

UKRAINAKO GERRA

Putinek erasoak gogortu ditu eta ez du etsiko helburuak lortu arte

agentziak | eitb media

Errusiako Defentsa Ministerioak Ukrainako defentsa arloko enpresetako langileei ohartarazi die zehaztasun handiko armak erabiliko dituztela lantegi horiek suntsitzeko. Astelehen honetan negoziazio taldeak bilduko dira berriro.

3:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Astelehen honetan Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzek negoziazioei berrekin aurretik, Vladimir Putin Errusiako presidenteak berretsi du eutsi egingo diola otsailaren 24an abian jarritako "operazio berezia"ri, inbasioaren aurkako erresistentzia ukrainarra azpiratu eta bere eskaerak onartzen dituzten arte, RIA Novosti albiste-agentzia errusiarrak gobernuko iturriak aipatuta zabaldu duenez. 

Horixe adierazi omen die Putinek nazioarteko zenbait agintariri, Ukrainan berehala su-etena ezar dezala eskatzeko deitu dioten Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari, Nafati Benet Israelgo lehen ministroari eta Emmanuel Macron Frantziakoari, besteak beste.

Eliseoak gaur jakitera eman duenez, Putinek ez du Ukrainako inbasioa egiteko jarri dituen lau helburuei uko egiteko inolako asmorik, eta Kieven oniritziarekin edo gerraren bitartez lortuko ditu.

Lau helburu horiek hauek dira: Ukrainaren "desnazifikazioa", desmilitarizazioa, eta Krimearen eta Donbassen independentziak onartzea.

Erasoak instalazio militarrei

Errusiako Defentsa Ministerioak Ukrainako defentsa arloko enpresetako langileei ohartarazi die erasoak egingo dituztela zehaztasun handiko armekin, Igor Konashenkov Ministerioaren bozeramaileak jakinarazi duenez.

Errusiako Indar Armatuek defentsa industriako enpresen aurkako erasoak egingo dituzte "Ukrainaren desmilitarizazioa" lortzeko helburuaren baitan, albiste-agentzia errusiarren arabera.

Defentsa Ministerioak eraso egin aurretik igorri du oharra, enpresa horietako langileen bizitzak arriskuan ez jartzeko helburuarekin.

Bestalde, Konashenkovek abisatu du Ukrainako gerra hegazkinei tokia egiten dieten inguruko herrialdeak gatazka armatuaren parte gisa hartuko dituztela.

Azaldu du Ukrainako armadaren ia hegazkin guztiak suntsitu dituztela, baina badakitela batzuk Errumaniara eta mugako beste herrialde batzuetara iritsi direla.

Balizko erasoa Odesan

Errusiako indarrak Odesa hiria bonbardatzeko prestatzen ari direla iragarri du Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak. Itsaso Beltzaren ertzean dago Odesa, Ukraina hegoaldean. "Odesa bonbardatzeko prestatzen ari dira. Gerrako krimena izango da. Krimen historikoa izango da "esan du agintariak bideomezu berri batean.

Bestalde, Oleksiy Danilov Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluko idazkariak ohartarazi du Errusia eskala handiko bigarran erasoa prestatzen ari dela. Kiev (iparraldean) Kharkov (ekialdean), Mariupol (hego-ekialdean), Mykolaiv (hegoaldean), Txernigov (iparraldean) eta Odesa (hegoaldean) errusiarrentzat estrategikoak direla berretsi du eta horien kontra joango dela.

11.000 militar errusiar baino gehiago hil direla eta 285 tanke, 109 artilleria sistema eta 48 helikoptero ere suntsitu dituztela esan du gaur Ukrainako Armadak.

Huts egin du bigarren ebakuazio saiakerak

Errusiaren erasoek Mariupoleko herritarren ebakuazioa galarazi dute bigarren egunez jarraian, Anton Geraschenko Ukrainiako Barne Ministerioko aholkulariak eta Guardia Nazionaleko Azov taldeko kide batek salatu dutenez. Errusiazaleen aldeak, berriz, adierazi du 300 zibil behintzat atera dituztela, "nazionalista ukrainarren probokazioa gora-behera".

Errusiak arriskuan jarri du zentral nuklearraren segurtasuna, NBEren arabera

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak ohartarazi du soldadu errusiar bat ari dela orain Zaporhiziako zentral nuklearra kudeatzen, eta hori funtzionamendu seguruaren oinarrizko printzipioen kontrakoa da. Errusiak aste honetan bertan bonbardatu eta hartu du bere esku zentrala.

"Lantegiaren zuzendaritza indar errusiarren komandantearen aginduetara dago", adierazi du Rafael Grossik, erakundearen zuzendari nagusiak.

Grossi "oso kezkatuta" agertu da segurtasun nuklearraren oinarriak urratzen dituen aldaketa horrengatik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena