Mundua
UKRAINAKO GERRA
EITB Media
Erasoak ez du isuririk eragin, baina areagotu egin ditu Ukrainako gerra nuklearra bihurtzeko beldurrak.
Errusiak Europako Zaporizhiako zentral nuklearrean, hau da, Europako zentral handienean, egindako erasoak alerta guztiak piztu ditu nazioartean, eta berpiztu egin ditu Ukrainako gerra nuklear bihurtzeko beldurra.
Ukrainan Txernobyleko zentral nuklearra dago, 1986an inoizko hondamendi nukler larriena eragin zuena, eta hori ere indarrez hartuta du Errusiako Armadak.
Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) presidentearen esanetan, Errusiako indarrek jaurti dute zentral nuklearraren kontrako jaurtigaia. Halaber, horrelako guneetatik gertu borrokan aritzearen arriskuaz ohartarazi du.
Ukrainako Fiskaltzak ikerketa abiatu du: "etsaiaren erasoak sutea eta leherketa nuklear baten mehatxua eragin ditu, ingurumen hondamendi globala eragiteko arriskuarekin".
Rosemary DiCarlo NBEko Gai Politikoetarako arduradunak salatu du zentral nuklearren inguruetan erasotzea "onartezina" eta "arduragabekeria" dela.
Europar Batasunak segurtasun nuklearra arriskuan ez jartzko deia egin du, ondorioak "hondamendia" liratekeelako.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak zentralaren aurkako erasoa salatu du, eta instalazio horien segurtasun eta babesa bermatzea "berebizikoa" dela erantsi du.
AEBek, aldiz, "gerra krimen"tzat jo dute erasoa.
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako erasoaldia salatu du, baina aliantza ez dela gatazkaren parte berretsi du. NATOko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroak ezohiko bilera egiten ari dira gaur Bruselan, besteak beste, Ukrainako gerraz eta horrek epe luzera izango dituen ondorioez hitz egiteko.
Errusiaren "terrorismo nuklearraren" aurrean "berehala" esnatzeko deia egin dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europari. Txernobylgo hondamendi nuklearra errepikatu baina "sei aldiz handiagoa" egin nahi izatea egotzi dio Errusiari, Txernobylen erreaktore batek egin baitzuen eztanda eta Zaporizhiakoan sei baitaude.
Zelenskik telefonoz hitz egin du Joe Biden AEBko presidentearekin, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin, Olaf Scholz Alemaniako kantzillerrarekin, Andrzej Duda Poloniako presidentearekin, Rafael Grossi Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) presidentearekin eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin. Hain zuzen ere, azken horrek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera deitzeko eskatuko du.
Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du zentral nuklearra tankeekin, artilleriarekin eta suziriekin eraso izana, eta gertakaria Ukrainako sabotaje talde batek egindako "probokazio ikaragarria" izan dela esan du. Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, soldadu errusiarrek "saboteatzaile ukrainarren" erasoari erantzun diote. Aleksandr Lukaxenko presidente bielorrusiarraren hitzetan, Bielorrusia ez da aktiboki parte hartzen ari inbasioan eta ez du inolako proposamen formalik jaso esku hartzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa