Mundua
Gerra Ukrainan
Agentziak | EiTB Media
Nazio Batuen Erakundeko 193 estatu kideetatik 141ek gaitzespena babestu dute. Hala ere, ebazpena ez da loteslea. Aurkako bost boto soilik (Errusia, Bielorrusia, Siria, Ipar Korea eta Eritrea) jaso ditu, eta 35 abstentzio izan dira bozketan.
Bozketaren emaitza NBEko Batzar Nagusian. Argazkia: EFE
Errusiaren erasoa gaitzesteko ebazpen bat onartu du NBEko Batzar Nagusiak. Nazio Batuen Erakundeko 193 estatu kideetatik 141ek gaitzespena babestu dute.
Ukrainaren aurkako erasoa "deitoratu" du testuak, eta gerra berehala amaitzeko eta tropek inongo baldintzarik jarri gabe atzera egitea "eskatu" dio Moskuri.
Ebazpena ez da loteslea, baina aurkako bost boto soilik (Errusia, Bielorrusia, Siria, Ipar Korea eta Eritrea) jaso ditu, eta 35 abstentzio izan dira bozketan.
Batzar Nagusiaren gehiengoak zutik eta txalo artean hartu du bozketaren emaitza. Batzar Nagusia astelehenetik larrialdiko saio berezia egiten ari da, Errusiak antzeko testuari Segurtasun Kontseiluan betoa jarri ondoren.
Blokeo horren aurrean, Mendebaldeak Batzar Nagusira jo zuen (bertan ez dago beto eskubiderik) Moskuren ekintzak salatzeko eta, batez ere, Errusia nazioartean bakarrik dagoela agerian uzteko.
AEBk, Europako herrialdeak eta Ukrainak berak bultzatutako negoziazioen ostean, ia 100 estatuk babestu dute ebazpena, eta azkenean 141ek aldeko botoa eman diote. Lau herrialdek soilik egin dute bat Errusiaren ezezkoarekin.
Bitartean, 35 estatu abstenitu dira (horien artean, Txina, Kuba, India edo Hegoafrika) eta 12k bozketan ez parte hartzea erabaki dute (tartean Venezuela, Maroko edo Etiopia).
"Errusiako Gobernua bakarrik geratzen ari da", azpimarratu du Olof Skoog Europar Batasuneko ordezkariak bozketaren ostean.
Linda Thomas-Greenfield AEBko ordezkariak nabarmendu duenez, "gaur munduak ahots argi eta batasunarekin hitz egin du", gerra "onartezin" eta "justifikaziorik gabearen" aurka.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren hitzetan, Batzar Nagusiak mezu "ozen eta argia" bidali du: "Ukrainan erasoa gelditu orain, armak isilarazi orain, elkarrizketari eta diplomaziari ateak zabaldu orain".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa