Mundua
Gerra Ukrainan
agentziak | eitb media
Europako Batzordearen proposamenek estatuen oniritzia jaso beharko dute indarrean sartu aurretik.
Errusiaren Armada. Argazkia: Efe
Albisteak (4)
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiako hegazkinei Europar Batasuneko aireko eremua ixtea eta Russia Today eta Sputnik komunikabideen emisioak debekatzea proposatu du. Era berean, Bielorrusiari zigor gehiago ezarri nahi dizkio Ukrainaren inbasioan laguntzeagatik.
Neurri horiez gain, gogoratu behar da Errusiako Banku Zentralaren nazioarteko mugimenduak gelditzea eta Errusiako banku batzuk SWIFT mekanismotik ateratzeko asmoa dutela, Ukrainarentzat armak erosteko finantzazioa ematearekin batera.
Batzordearen proposamenak Kontseiluaren (estatuen) oniritzia jaso beharko du indarrean sartu aurretik.
Von der Leyenek komunikabideen aurrean azaldu duenez, aireko eremuaren mugak Errusia jabe den, Errusian erregistratutako edo Errusiak kontrolatutako hegazkin guztiei eragingo die.
Russia Today eta Sputnik
Bigarren neurriarekin, Russia Todayren eta Sputniken emisioak Europar Batasunean debekatzearekin, "Kremlineko medioen makinaria" gelditu nahi dute, eta "gezurren zabalkundea eta Putinen gerraren justifikazioa" galarazi.
Europar Batasunak Bielorrusia ere zigortu nahi du Ukrainaren inbasioan Errusiari laguntzeagatik, eta erregai mineralen esportazioei mugak jarirko dizkie, baina baita tabako, egur, zementu, burdin eta altzairuari ere.
Armak Ukrainari
Europar Batasunak, bestalde, historian lehenengo aldiz, kanpoko herrialde bati armak ematea adostu du. 500 milioi euro bideratuko dituzte Ukraina armaz hornitzeko, Errusiaren erasoari aurre egin diezaion.
"Gure gaitasunak erabiltzea erabaki dugu armak emateko, hiltzen duten armak, Ukrainako Armadari hiltzeko laguntza emango diogu, 450 milioi euro hain zuzen ere, eta beste 50 milioi euro hiltzeko ez direnetarako, tartean erregaia edo babeserako gailuak erosteko", iragarri du Josep Borrell Europar Batasunaren Atzerri Gaietarako goi ordezkariak, EBko Barne ministroekin egindako batzarraren ostean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa