Mundua
Gerra Ukrainan
Agentziak | EiTB Media
"Gaizki-ulertuak izateko tarterik ez da egon behar: aliatu bakoitza eta NATOren lurraldeko zentimetro bakoitza babestuko dugu", esan du Jens Stoltenberg erakundeko idazkari nagusiak.
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Aliantzaren ekialdean erantzun azkarreko indarrak zabaltzen hasi dela iragarri du NATOk ostiral honetan, defentsa kolektiboaren testuinguruan lehen aldiz, Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren.
"Gaizki-ulertuak izateko tarterik ez da egon behar: aliatu bakoitza eta NATOren lurraldeko zentimetro bakoitza babestuko dugu", esan du Jens Stoltenberg erakundeko idazkari nagusiak, Aliantzako buruzagien arteko goi-bilera amaitu ostean. Batzarra bideokonferentzia bidez egin dute buruzagiek. Bilera premiaz deitu zuten, Moskuk eraso egin ondoren.
"Serio hartu behar dugu, eta hori egiten ari gara", azaldu du Stoltenbergek. Aliantzako idazkari nagusiak ohartarazi duenez, "Kremlinen helburuak ez dira Ukrainan bukatzen".
Gainera, Ukraina inbaditzeko Vladimir Putin Errusiako presidentearen erabakia "hanka-sartze estrategiko ikaragarria" izan dela esan dute buruzagi aliatuek adierazpen batean. Errusiak "urteetan zehar garesti" ordaindu beharko duela ohartarazi dute, ekonomikoki zein politikoki.
Erantzun azkarreko indarrak 40.000 soldaduk osatzen dute. Edozein tokitan bost eguneko epean zabaltzeko gaitasuna dute, 30 egunetan zehar gehien jota.
Duela hilabete, AEBk 8.500 soldadu alertan jarri zituen, NATOren erantzun azkarreko indarren balizko aktibazioa babesteko.
Krisi militarrei aurre egiteko, nazioarteko defentsa egitura premiaz zabaldu daiteke, aireko zein itsasoko indarren eta operazio berezietako kideen laguntzarekin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa