Mundua
Gerra Ukrainan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tropa errusiarrak hainbat tokitatik sartu dira herrialdean eta Kievetik kilometro gutxira daude, goizaldean postu militarrak eta aerodromoak bonbardatu ostean.
Errusiako Armadak Ukrainan indarrez sartzeko operazio militarra hasi du. Vladimir Putinek agerraldia egin du goizaldean erasoaldia iragartzeko eta, ondorioz, mendebaldeko gobernuen aurreikuspenik okerrena bete egin da, hainbat astetan bi herrialdeen arteko gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko saiakerak egin ostean.
Berez, Donbass eskualdeko independentistei laguntzeko asmoz sartu dira Ukraina hegoaldean, baina beste lurralde batzuk ere inbaditu dituzte eta Kiev hiriburuaren atariraino iritsi dira tropa errusiarrak.
Putinek astelehenean aitortu zuen ofizialki Donetsk eta Luhansk hiri errepubliken independentzia, eta estatus politiko horrekin Errusiaren laguntza militarra eskatu ahal izan zuten.
Goizaldean egin duen agerraldi publikoan, Putinek adierazi du erasoaldiaren helburua "zortzi urtez jarraian Ukrainako erregimenaren gehiegikerien eta genozidioaren biktimak izan diren pertsonak babestea" dela. "Odola isurtzen bada, ardura guztia Ukrainako erregimenarena" izango dela azpimarratu du eta herrialde horretatik "naziak kanporatu" behar direla erantsi du.
Horrez gain, mendebaldeko gobernuak kritikatu ditu, azken hilabeteetan egin dituen eskakizunei erantzunik eman ez dietelako. NATOri ere kritika gogorrak egin dizkio, Europa ekialdean gehiago hedatzeari uko egin ez diolako.
Gauzak horrela, Putinek azpimarratu du "ekintza erabakigarri bat" egiteko unea iritsi dela. Ukatu egin du helburua Ukraina guztia okupatzea denik, baina lehendabiziko erasoak Donbass eskualdetik harago ere egin dituzte.
Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiako Armadari aurre egiteko deia egin die erreserbistei eta paramilitarrei. Putinek Ukrainan indarrez sartuko zirela iragarri eta gutxira, Zelenskik agerraldia egin du, herrialdea gerran dagoela baieztatzeko eta herritarrei etxean geratzeko gomendioa luzatzeko.
"Armak emango dizkiegu gure herrialdea babestu nahi duen edonori. Defendatu dezagun Ukraina gure herri eta hirietako plazetatik", adierazi du.
Kieveko Gobernuak harreman diplomatiko guztiak hautsi ditu Errusiarekin eta bere aliatuek gauza bera egingo dutela espero dute. "Hala eginez gero, Ukrainaren ondoan daudela eta Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den erasorik larrienaren kontra daudela erakutsiko dute", esan du Dimitro Kuleba Atzerri ministroak.
Ukrainaren aliatuek erantzun bateratua eta irmoa emateko prest
Oraingoz, mendebaldeko gobernuak bat datoz Putinek hasitako gerrak erantzun irmoa behar duela eta, besteak beste, Errusiaren ekonomiaren sektore estrategikoei kalte egiteko neurriak hartzearen alde egin dute.
Joe Biden presidente estatubatuarrak esan du Putinek gerraren aldeko hautua egin duela eta horrek "heriotzak eta sufrimendua" eragingo dituela.
Europar Batasunak agindu du zigorrak ezarriko dizkiola Errusiari. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agindu du gerra batek eskatzen dituen neurriak izango direla, eta Olaf Scholz kantziler alemaniarrak erantsi du Putinek "akats larria" egin duela.
NATOk, berriz, defentsarako plana aktibatu du eta Ukrainara inbasioari aurre egiteko tropak bidaltzeko aukera dauka, oraingoz zentzu horretan erabakirik hartu ez badu ere.
Errusiako Gobernuaren aliatuek, ostera, Putin kritikatzea saihestu du. Txinak, adibidez, lasaitasunerako deia egin die alde guztiei eta gatazka honen ardura Kieveko Gobernuarena dela azpimarratu du, Minskeko Ituna urratu zuela iritzita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa