14:46

Mundua

Ukrainako krisia

Airelinea batzuek hegaldiak bertan behera utzi edo desbideratu dituzte Ukrainan, Errusiaren inbasioaren beldur

Agentziak | EITB Media

Ukrainak aireko espazioa zabalik mantentzea erabaki du. KLM Herbehereetako airelineak dagoeneko iragarri du ez duela hegaldi gehiagorik egingo Ukrainara. Lufthansa eta Austrian Airlines egoera ikertzen ari dira erabaki bat hartzeko. Halere, 29 airelinea daude oraindik operatibo.

  • Ukrainako Polizia maniobra batean, herrialdearen hegoalean.

    Ukrainako Polizia maniobra batean, herrialdearen hegoalean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ukrainako Gobernuak ez die gomendatzen aire-konpainia komertzialei Itsaso Beltzean hegaldiak egitea astelehenetik aurrera eta gutxienez larunbatera arte, Errusiak eskualdean planifikatutako maniobra militarren ondorioz, Ukrainako hegazkingintzako agintaritzak jakinarazi duenez.

Kievek bere aire-eremua irekita mantenduko duela agindu du, nahiz eta nazioarteko egoera geopolitikoa kezkagarria izan. Hala ere, aseguru-etxe nagusiek iragarri dute Ukrainarako hegaldien estaldura bertan behera utziko dutela datozen egunetan.

KLM Herbehereetako bandera duen airelineak iragarri du Ukrainarako hegaldi guztiak bertan behera utziko dituela berehala, Herbehereetako Gobernuak herritarrei herrialdera ez bidaiatzeko eta Ukrainan zeudenei handik irteteko gomendatu ostean.

British Airways ere ez da Ukrainako helmugetara hegan egiten ari.

Bestalde, Lufthansa hegazkin konpainia alemaniarrak eta Austrian Airlines austriarrak ere Ukrainako aire-espazioa saihestea aztertzen ari direla onartu dute.

American Airlinesetik azaldu dutenez, Ukrainako egoera "etengabe monitorizatzen" ari dira, eta, behar izanez gero, doikuntza gehiago egingo dituzte, "tripulazioak eta bidaiariak baitira haien lehentasuna".

Zazpi dira herrialde horrekin hegaldiak dituzten Espainiako aireportuak: Madril, Bartzelona, Malaga, Alacant, Valentzia, Tenerife, Palma.

Espainiako Gobernuak asteburu honetan Ukrainan erregistratuta dauden ia 500 espainiarrei herrialdea hegaldi komertzialetan uzteko gomendatu zien, herrialdeak bizi duen "segurtasun gabezia egoera" dela eta.

Bertako Azpiegituretako Ministerioak adierazi du lanean dabiltzala "aireko garraiolariei arriskuak saihestearren". Horren arabera, airelinea gehienak oraindik abian daude murrizketarik gabe, eta oraingoz atzerriko 29 airelineak eskaintzen dituzte Ukrainarako hegaldiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena