Mundua
Sumendiaren erupzioa
Agencias | EiTB Media
Hunga Tonga Hunga Ha'apai sumendiaren erupzioak 15 metroko olatuak eragin zituen. Gutxienez hiru pertsona hil dira. Edateko uraren eskasia arazo larrienetako bat da.
Tonga erupzioaren eta tsunamiaren ostean. Argazkia: EFE
Tongako Gobernuak sumendiaren erupzioa eta tsunamia "aurrekaririk gabeko hondamendi" bezala deskribatu ditu astearte honetan, egunak isilik eman ondoren. Hego Pazifikoko artxipelagoan hiru hildako baieztatu dituzte.
Larunbatean hondamendi naturala gertatu zenetik egindako lehen adierazpen ofizialean, Hunga Tonga Hunga Ha'apai sumendiaren erupzioak 15 metroko olatuak eragin zituela azaldu du Gobernuak. Tsunamiak artxipelagoaren zenbait uharte astindu zituen. Guztira, 169 irlak osatzen dute artxipelagoa.
Hildakoak Erresuma Batuko emakume bat, 65 urteko beste emakumezko bat Mango uhartean eta 49 urteko gizonezko bat Nomuka irlan dira.
Komunikazioen etenak Exekutiboaren adierazpena atzeratu du. Hondamendiak Mangoko etxe guztiak suntsitu ditu. 36 biztanle ditu uharte txikiak. Era berean, Fonoifua irlan bakarrik bi etxebizitza geratu dira zutunik. Nomukarekin batera uharterik astinduenak izan dira.
Gobernuak bi ontzi militar bidali ditu laguntza humanitarioarekin. Baldintza zailak dira hondamendiak kostaldea suntsitu eta errautsak lurraldea estali duelako.
Kanokupolu, Tongatapu uhartean (Tonga), erupzioa eta tsunamia baino lehen eta ondoren. Argazkia: EFE
Edateko uraren eskasia
Arazo larrienetako bat edateko uraren eskasia da, Exekutiboak zehaztu duenez. Zeelanda Berria eta Australia bezalako nazioekin lankidetzan konpondu nahi dute.
Zeelanda Berriko Itsas Armadako bi ontzi Tongara abiatu dira gaur laguntza humanitarioarekin. Ostiral honetan bertan heltzea espero dute. Bitartean, Australiak beste ontzi bat prest du, edateko 250.000 litro ur eta beste 70.000 litro ekoizteko gaitasuna duen gatzgabetze instalazioekin.
Gurutze Gorriak uste du 80.000 pertsona ingururi kalte egin diela hondamendi naturalak. Gainera, adituek sumendien erupzio berriak gertatzea ez dute baztertzen.
Zeelanda Berriko hegazkinek astearte honetan ateratako irudietan ilargia-paisaia ikus daiteke. Errautsak guztia hartu du, eta Tongatapu uharteko eraikinetan kalte handiak eragin ditu hondamendiak. Nuku'alofa hiriburua bertan dago.
Nomuka uhartea (Tonga) erupzioa eta tsunamia baino lehen eta ondoren. Argazkia: EFE
Itsaspeko kablea hautsita
Herrialdea ia inkomunikaturik egonda da, itsaspeko kablea hautsi delako kostaldetik 37 bat kilometrora. Komunikazio telefoniko guztiak eta Internet konektatzen ditu.
Hunga Tonga Hunga Ha'apai sumendiaren erupzio burrunbatsua ehunka kilometrora entzun eta espaziotik ikusi zuten. Sumendia lurrazaletik desagertzea eragin zuen.
Itsaspeko jarduera kontrolatzeko lana oztopatzen du sumendiaren desagerpenak. Larunbateko erupzioa azken 30 urteetako bortitzenetako bat izan da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa