11:50

Mundua

koronabirusa

Nigeriak iraungitako AstraZenecaren milioi bat dosi baino gehiago suntsitu ditu

agentziak | eitb media

Unera arte, 231.410 covid-19 kasu antzeman dituzte Nigerian, eta bertako biztanleriaren %2ak baino ez du koronabirusaren aurkako jarraibide osoa jaso.

0:37
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nigeriako gobernu federalak AstraZenecaren iraungitako milioi bat txerto baino gehiago suntsitu zituen asteazken honetan, bertako osasun autoritateen arabera. Txertoak azaroan iraungi ziren, eta urrian jasotako 2,5 milioi dosiko sorta baten parte ziren.

Faisal Shuaib doktore eta Osasunaren Lehen Arretaren Garapenerako Agentzia Nazionaleko (NPHCDA) zuzendariak azaldu duenez, duela zenbait hilabete, dosiak jaso zituztenean, "bagenekien balio-bizitza laburra zutela, baina bizi genuen agertokian covid-19aren aurkako txertoen hornidura oso urria zen".

Shuaiben arabera, une horretan "txertoak ekoizten dituzten herrialdeak" horiek pilatzen ari ziren euren biltegietan, eta "dohaintzan eskaini" zizkioten Nigeriari, "iraungitzeko zorian zeudenean" bakarrik. Era berean, NPHCDAk aitortu zuenez, zenbait ezbehar logistikok eta lursaileko arazok ere izan zuten zerikusirik txertoak eman baino lehen iraungitzearekin.

Azaroan, Afrikako Batasuneko Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroek eta Munduko Osasun Erakundeko COVAX mekanismoak nazioarteko komunitateari eskatu zioten arau zorrotzak jarraitzeko, covid-19aren aurkako dosiak kontinenteko herrialdeetara bidaltzean. Erakunde horiek adierazpen bateratuan deitoratu zutenez, dohaintza asko "aurrerapen gutxirekin eta balio-bizitza laburrarekin bidali zituzten afrikar herrialdeetara", eta horrek arazoak eragiten dizkie osasun autoritateei txertaketa kanpainak planifikatzeko garaian.

Oraingoz, 231.410 covid-19 kasu antzeman dituzte Nigerian, Afrikako herrialde jendetsuena delarik (206 milioi biztanle). Kasu horietatik, 3.000 inguru hil egin dira. Unera arte, nigeriar biztanleriaren % 2ak baino ez du koronabirusaren aurkako jarraibide osoa jaso.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena