19:10

Mundua

KORONABIRUSA

Aldaera berriaren beldur, mundu osoan hasi dira neurriak hartzen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Omikron aldaera oso azkar barreiatu da Hegoafrikan, eta dagoeneko atzeman dituzte kasuak Afrikatik kanpo, tartean Belgikan. Herrialde askok hegaldiak eten dituzte Afrika hegoaldearekin.

1:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europar Batasuneko herrialdeek Afrika hegoaldetik datozen hegaldiak bertan behera uztea erabaki dute covid-19aren aldaera berriaren (Hegoafrikan jatorria duena) zabalkundea gelditzeko asmoz.

Gainera, inguru horretatik iristen diren herritar europarrek, EBn sartzeko eskubidea dutenek, test bat eta berrogeialdia egin beharko dute, Europar Batasunak jakinarazi duenez.

Bestalde, AEBko Gobernuak datu gehiago nahi ditu Afrikarekin lotzen duen hegaldiekin zer egin erabaki aurretik.

Espainiako Gobernuak dagoeneko iragarri du Hegoafrikatik eta Botswanatik iritsitako hegaldiei murrizketak jarriko dizkiela, covid-19aren aldaera berriarengandik isolatzeko. Izan ere, kezka handia zabaldu da mundu osoan, orain arte kutsatze gutxi atzeman diren arren, eta bat ere ez Espainiako Estatuan.

Carolina Darias Osasun ministroak azaldu duenez, oraindik lau egun falta dira proposamen hori indarrean sartzeko, baina "premiazko neurri gisa" Osasun Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak arrisku handiko herrialdeetatik iristen diren bidaiariei "antigeno edo PCR test bat" egitea adostu du, txertaketaz gain, Espainiako Estatuan sartu ahal izateko.

Frantziak, Italiak, Erresuma Batuak, Alemaniak, Herbehereak, Singapurrek, Austriak eta Israelek ere dagoeneko iragarri dute bidaiak etengo dituztela.

Frantziako Estatuaren kasuan, adibidez, berehala sartuko da neurria indarrean, gutxienez 48 orduz, eta Lesotori, Zinbaweri, Mozanbikeri, Namibiari eta Eswatiniri eragingo die, Hegoafrikaz eta Botswanaz gain.

EMAk oraindik ezin du aurreikusi txertoa egokitu behar ote den

Bestalde, Europako Sendagaien Agentziak (EMA) uste du "garaizegi" dela aldaeraren aurrean txertoa egokitu egin beharko den esateko, oraindik ez dagoelako nahikoa informaziorik aldaera berriaren portaeraren inguruan.

"Mutatutako aldaera berriak immunitatea saihesten duela eta delta aldaera nagusi den eremuetan azkar zabaltzen dela egiaztatuz gero, txertoa eguneratzeko neurriak hartzen hasi beharko litzateke", onartu du agentzia europarrak.

Kutsakortasun handia

ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak esan du "intereseko aldaera" dela Hegoafrikan atzemandakoa.

Gainera, erakundeak ohartarazi du "eskuragarri dauden frogak eskuartean", litekeena dela "aldaera hori kutsakortasun handiarekin lotuta egotea".

Kasuak

ECDCren txostenaren arabera, oraingoz aldaera berriaren kasuak Botswanan (6), Hegoafrikan (59) eta Hong Kongen (2) atzeman dituzte, baina Belgikak iragarri du dagoeneko aurkitu dutela bertan ere. Hong Kongen atzemandako pertsona Hegoafrikan egonda zen, eta kasu horrekin lotuta dago beste positiboa.

Israelek ere jakinarazi du kasu bat aurkitu dutela Malawitik iritsitako pertsona baten kasuan.

Hegoafrikan atzemandako kasu guztiak Gauteng eskualdekoak dira, eta Johannesburg, kasuen gorakada nabarmena izaten ari dena, bertan dago.

"Omikron arriskuko aldera da", ohartarazi du MOEk

Munduko Osasun Erakundeko (MOE) adituak Hegoafrikan antzemandako aldaera berriaren eragina aztertzeko bildu dira gaur, eta "arriskuko aldaera" dela ohartarazi dute. Baliteke kutsakorragoa izatea, eta omikron (alfabeto grekoko letra) izena jarri diote.

Aurreko aldaerek baino transmisio gaitasun handiagoa izan dezakeela onartu du MOEk, mutazio berrien ondorioz. "Hegoafrikako ia probintzia guztietan" baieztatu dituzte kasuak.

"Infekzio kopuruan erritmo azkarragoa du aldaerak, zabaltzeko orduan abantaila duela ematen du", azpimarratu dute MOEko adituek ohar batean.

Hala ere, covidaren aurkako txertoen aurrean indartsuago edo ahulagoa den ez dute oraingoz egiaztatu, baina PCR proba diagnostikoak aldaera berria antzemateko balio duela baieztatu dute.

Hegoafrikak ostegun honetan baieztatu zuen koronabirusaren aldaera berri bat atzeman duela, B.1.1.529 izenekoa, mutazio ugari dituena, eta espezialisten artean "kezka" piztu duena, egungo txertoak eraginkortasun gutxiagokoak egin ditzakeelako, nahiz eta horren eragina oraindik aztertu behar den.

"Oraindik ez dugu aldaeraz asko ezagutzen, badakigu mutazio asko dituela, eta kezka da horrek birusaren portaeran eragina izatea", adierazi zuen adituak. Izan ere, transmititzeko gaitasuna handitu dezakeela, edo tratamenduen, diagnostikoen eta txertoen aurrean erresistentzia handiagoa izan dezakeela uste dute.

"Egun batzuk beharko dira ikusteko zer eragin izan dezakeen eta zer potentzial duten txertoek aldaeraren aurrean", esan zuen aditu estatubatuarrak, eta neurri batean positiboa ikusi zuen aurkikuntza; izan ere, bere ustez, laborategiek koronabirusaren aldaketak eraginkortasunez kontrolatzen jarraitzen dute.

Munduko Osasun Erakundeak hilabeteak daramatza txertaketaren erritmo motelegiak direla ohartarazten, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan, eta horrek koronabirusaren aldaera arriskutsuagoak ekar ditzakeela esaten, pandemiaren amaiera atzeratuz.

Zalantzak burtsan

Ezegonkortasun horrek zalantza handia zabaldu du burtsan, eta beherakada handiak izan dira. Hain zuzen ere, Espainiako burtsan % 3,86ko galera izan da, Pariskoan % 3,21ekoa, Milanen % 2,93koa, eta Londresen % 2,58koa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena