Mundua
Migrazio krisia
Urtebeteko haur siriar bat hil da Poloniako baso batean, Bielorrusiako mugatik gertu
Agentziak | EITB MEDIA
Bielorrusiako agintariek korridore humanitario bat irekitzeko eskatu diote Europar Batasunari, Poloniako mugan harrapatuta dauden 2.000 migratzailerentzat.
Urtebeteko haur siriar bat hil da Poloniako baso batean, Bielorrusiako mugatik gertu. Bielorrusia eta EBren arteko mugan gertatutako tragedia humanitarioaren azken biktima da.
Haurrak, gurasoekin batera, hilabete eta erdi zeraman basoan bizirik iraun nahian, tenperatura oso baxuetan eta janaririk gabe.
Heriotza horrek Bielorrusia eta Polonia arteko migratzaileen eta errefuxiatuen krisiaren ondorio tragikoak islatzen ditu. Gaur egun, Bielorrusian 7.000 errefuxiatu inguru daudela kalkulatzen da, eta horietako 2.000 inguru Poloniako mugan harrapatuta daude, Moskun Irakeko enbaxadako bozeramaile baten arabera.
Horietako asko Ekialde Hurbilekoak, afganiarrak, yemendarrak, irakiarrak edo siriarrak dira, hildako txikia bezala, The Guardian egunkari britainiarrak jakinarazi duenez.
Urte bateko haurtxo siriar bat hilik aurkitu dute Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan. Bere familiak hilabete pasa du basoetan ezkutatuta, bizirauten: https://t.co/0vzVazDojT
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) November 18, 2021
Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren Elkarteen Nazioarteko Federazioak eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ohartarazi dute negu "gordinagoa" iritsiko dela, egoera larriagotuko duena, eta, beraz, "premiaz, sarbide humanitario segurua behar da, mugarik gabe, bizitzak salbatzeko eta sufrimendua arintzeko".
Bielorrusiako agintariek korridore humanitario bat irekitzeko eskatu diote Europar Batasunari Poloniako mugan dauden 2.000 migratzaileentzat, Alexander Lukashenko presidentearen eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arteko elkarrizketan.
#Merkel habla con #Lukashenko. 50 min de llamada. Ayuda humanitaria a las personas varadas en la frontera ¿¿ https://t.co/AGPm61kFWA
— Ane Irazabal (@AneIrazabal) November 15, 2021
Poloniako Mugako Guardiak ostiral honetan jakinarazi duenez, 255 migrante saiatu dira Bielorrusiatik muga zeharkatzen, eta 45 atzerritar kanporatu dituzte azken 24 orduetan.
Urte hasieratik, Poloniako Mugen Guardiak muga legez kanpo zeharkatzeko 34.000 saiakera baino gehiago erregistratu ditu.