09:52

Mundua

COP26

Glasgowko itunaren lehen zirriborroak erregai fosilei emandako laguntzak kentzen hastea eskatu die estatuei

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Goi-bileran parte hartzen duten 200 herrialdeek eztabaidagai izango dute Erresuma Batuak aurkeztutako testua; astebururako hitzartu beharko lukete. Agiriak helburuak zehazten ditu, baina ez dira lotesleak.

2:38
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erresuma Batuak kaleratu du COP26n, klimaren goi-bileran, herrialdeek mahai gainean izango duten itun politikoaren lehen zirriborroa. Agirian erregai fosilei emandako laguntzak kentzen hasteko eta ikatza apurka-apurka desagerrarazten joateko eskatzen zaie herrialdeei. Halaber, dei egin die Glasgowko goi-bileran parte hartzen ari diren 200 herrialdeei klima-aldaketari aurre egiteko prestatu dituzten planak 2022a amaitu baino lehen indartzeko.

Testua abiapuntua baino ez da, eta herrialdeei dagokie orain hura eztabaidatu eta behin betiko agiria onartzea. Astebururako hitzartu beharko lukete, orduan baita amaitzekoa COP26 goi-bilera.

Lurraren batez besteko tenperatura igoeraren harira Parisko Akordioan zehaztutakora heltzeko euren helburuak moldatzeko eta indartzeko ahalegina eskatu diete herrialdeei, betiere 2022a baino lehen, eta "anbiziotsuagoak" izateko gonbita ere egin die.

Horren ildoan, agiriak beharrezko jotzen du batez besteko tenperaturaren igoera 2 ºC-tik behera kokatzea (Parisen hitzartutako helburua), baina ahalegina egiteko eta "1,5 ºC-ra mugatzeko" galdegin die estatuei (zientziak esana du langa hori igarotzea "hondamendia" litzatekeela). Orain arteko neurriei eutsiz gero, Lur planeta 2030erako 2,4 ºC berotuko litzatekeela ohartarazi du zirriborroak.

Era berean, herrialde aberatsek "2020rako hitzartutako 100.000 milioi dolarreko urteroko laguntza ez da bete", agiriak jasotakoaren arabera, eta garrantzitsutzat jo du garapen bidean dauden herrialdeei eman beharreko "finantza laguntza hori handiagoa izatea".

Zirriborroak hainbat helburu jaso baditu ere, bakar bat ere ez da loteslea; izan ere, goi-bileraren presidentetzak klima-aldaketari aurre egiteko proposatutako neurri berriak "gonbidapen" hutsa baino ez dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena