Mundua
HAUTESKUNDEAK
Hauteslekuak itxi dituzte Nikaraguan
agentziak | eitb media
Presidenteak laugarren garaipena jarraian eskuratzea espero du, eta horrela bi hamarkada emango ditu boterean. Human Rights Watch erakundeak ohartarazi duenez, "ez dago hauteskunde libre, bidezko eta lehiakorrak bermatzerik", eta "Ortega garaile ateratzea bakarrik espero daiteke".
Hauteslekuak itxi dituzte Nikaraguan, eta datozen orduetan ezagutuko dira presidentea aukeratzeko igande honetan egin diren hauteskundeetako emaitzak. Hala ere, ez da ezustekorik espero. Iraultza sandinistaren lider izandako Daniel Ortegak agintea eskuratuko du laugarren aldiz, eta beste bost urte egingo ditu boterean.
Hauteskunde Batzorde Gorenak hala erabakita, oposizioko hiru alderdik ezin izan dute hauteskundeetan parte hartu. Presidentetzarako zazpi hautagai atxilotu dituzte eta bi erbestean daude, euren aurkako atxilotze-agindua zegoela jakin ostean. Hori dela eta, Ortegaren garaipena espero da, aukera bakarra baita.
Gainera, Gobernuak Nikaraguako Armadako 15.000 soldadu eta Polizia Nazionaleko 16.665 agente bidali ditu hauteslekuetara, horien barnealdean zein inguruetan segurtasuna mantentzeko.
Jose Daniel Ortega presidenteak eta horren emazteak, Rosario Murillo presidenteordeak, nazioarteari eskatu diote Nikaraguako "barne kontuetan" ez sartzeko, eta hitz eman dute herrialdea "iraultzaren bidetik" eramaten jarraituko dutela.
Hala, Nikaraguako Gobernuak herrialdera sartzeko baimena ukatu die zenbait hedabidetako kazetariei. Bestalde, begirale independenteak bertaratzeari uko egin dio, eta "hauteskundeetako laguntzaileak" erabiliko ditu horiek ordezkatzeko.
Nazioarteko komunitatearen kezka
Human Rights Watch (HRW) erakundeko Ameriketako dibisioko zuzendari laguntzaileak, Tamara Taraciukek, deitoratu duenez, Erdialdeko Amerikako herrialdearen egoerak "okertzera egin du azken urteetan". Horren esanetan, "Ortegaren eta Murilloren erregimenak modu progresiboan bildu du boterea", "apurka-apurka botere judiziala, Hauteskunde Batzorde Gorena eta Asanblea Nazionala bereganatuz".
Hauteskundeetako deialdia eta kanpaina osoaren nondik norakoak nazioartearen presioak markatu ditu, baina "ez da nahikoa izan Ortegaren errepresio gorakada etetera behartzeko".
Giza eskubideen egoerak nazioartean eragindako kezkaz gain, Taraciukek ohartarazi du hauteskunde-prozesuan "erregimenak ezarritako estrategia zapaltzaileak" ere kezka iturri direla, "oposizioa desegiteko, Gobernuaren aurkako protestak beldurraren bitartez kentzeko eta berriz hautatua izateko bidea irekitzeko" bideratu baitute.
Testuinguru horretan, "hautazko atxiloketa-bolada" izan da, eta, zenbait kasutan, Ortegarekin kritiko diren pertsonak kartzelatu dituzte. Besteak beste, presidenterako zazpi hautagai, hainbat kazetari, abokatu defendatzaileak, ikasleen liderrak eta nekazariak atxilotu dituzte.
Kritikoen "ehizak", Taraciuken aburuz, "adierazpen-askatasunerako, elkarretaratzerako eta prentsarako eskubideak urratzen dituen neurrigabeko legeak eta erreformak ditu oinarri". Lege horiek "erregimenaren aldekoen kontrolpeko Asanblea Nazionalak onartu ditu, eta oposizioko hautagaien parte-hartze politikoa mugatzen dute", azaldu du.
Hori dela eta, horren hitzetan, "Nikaraguan, egungo egoeran, ez dago hauteskunde libre, bidezko eta lehiakorrak bermatzerik". Beraz, "oposiziorik gabe, azaroaren 7an Ortega garaile ateratzea bakarrik espero daiteke", ondorioztatu du Taraciukek.
AEBk eta Europar Batasunak salatu dutenez, hauteskundeak gutxieneko bermerik gabe egingo dira, eta ez dituzte emaitzak onartuko. Txina eta Errusia, bestalde, presidentearen laguntzaile potentzial gisa gailendu dira. Ortegak, gainera, Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrean bildutako Latinoamerikako herrialde aliatuen babes publikoa ere badu.