22:13

Mundua

cop26

NBEk CO2 isuriak erdira murrizteko deia egin du: "Hala egin ezean, gure hondamendia izango da"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

"Aski da. Ez dezagun ingurumena tratatu komuna izango balitz bezala", aldarrikatu du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.

7:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak COP26ko buruzagien goi-bilera inauguratu du astelehen honetan Glasgown (Erresuma Batua), eta konferentzia klima-aldaketaren aurkako borrokaren "amaieraren hasiera" bihurtzeko deia egin du, etorkizuneko belaunaldiek gutxiago jasan ditzaten berotze globalaren ondorioak.

"Porrot egiten badugu, gure seme-alabek ez digute barkatuko. Mingostasunez epaituko gaituzte, eta arrazoia izango dute", esan die Johnsonek Nazio Batuen Erakundeko klimaren goi-bileran bildu diren 120 estatuburu eta gobernuburuei.

James Bond "Eskoziako semerik ospetsuenaren" irudia erabili du Erresuma Batuko lehen ministroak, mundua salbatzera bideratutako fikzioaren abenturen eta giza ekintzaren ondorioz klima-aldaketak planetari eragiten dion benetako mehatxuaren arteko analogia egiteko.

"James Bonden ia egoera berean gaude, baina hau ez da pelikula bat, tragedia bat baizik, eta munduaren amaiera iristeko atzerako kontaketa benetakoa da", adierazi du Johnsonek.

"Bi gradu gehiagorekin, elikagaien hornidura arriskuan jarriko dugu. Hiru gradu gehiagorekin, sute gehiago eta bost aldiz lehorte gehiago egongo dira. Lau gradu gehiagorekin, hiri batzuk (Miami edo Alexandria, besteak beste) desagertu egingo dira", gaineratu du.

Guterres: "Aski da"

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, bere aldetik, dei egin dio nazioarteari 2030. urterako CO2 isuriak gutxienez % 45 murrizteko, "hondamendia saihesteko".

"Aski da. Ez dezagun ingurumena tratatu komuna izango balitz bezala", aldarrikatu du Guterresek inaugurazio ekitaldian.

Horren esanetan, goi-bileraren helburuetako batzuk berotzea 1,5 ºC-ra mugatzea eta 2030erako gas isuriak % 45 murriztea izan beharko lirateke.

NBEko buruak erregai fosilekiko "mendekotasuna" amaitzea eskatu du, horiek "muturreko egoera batera" bultzatu dutelako gure planeta, eta Lurraren tenperatura mende honetan 2,7 ºC igoko dela ohartarazi du.

Biden: "Hamarkada honek hurrengo belaunaldiak baldintzatuko ditu"

Joe Biden AEBko presidenteak adierazi du goi-bilera "norabide aldaketa" izango beharko litzatekeela klima-aldaketaren "mehatxua"ri aurre egiteko.

"Hamarkada honek hurrengo belaunaldiak baldintzatuko ditu. Hamarkada erabakigarria da berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburuari eusteko", esan du.

Agintari estatubatuarraren esanetan, klima-aldaketa "ez da hipotetikoa", dagoeneko eragina du pertsona askoren egunerokoan, suteen, oholdeen eta lehorteen ondorioz.

Espainiak igo egingo du finantziazio klimatikoa

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du % 50 igoko duela garapen bidean dauden herrialdeentzako finantziazio klimatikoa. Helburua da 2025etik 1.350 milioi euroko ekarpena egitea.

Agintariak adierazi duenez, herrialdeek anbizio klimatikoa handitzen badute, "baliabide gehiago emanda" erakutsi behar dute. Horregatik, nazioartean 100.000 milioi dolarreko ekarpenak biltzea izango litzateke iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko "mesfidantzak" konpontzeko modu egokiena.

COP26 goi-bilerak azaroaren 12ra arte iraungo du, eta, bertan, herrialdeek konpromiso berriak adostu beharko lituzkete mende honetako berotzea gehienez ere 1,5 ºC-koa izan dadin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena