18:20

Mundua

cop26

Munduko blokeak bananduta iritsi dira Glasgowra, baina helburu komunarekin

agentziak | eitb media

COP26 klimari buruzko goi-bilera aukera ona izango da nazioarteak Parisko Itunetik egindako aurrerapenak berrikusteko, baita konpromiso berriak bilatzeko ere.

  • Boris Johnson, Ursula von der Leyen eta Antonio Guterres, COP26 bileran. Argazkia: EFE

    Boris Johnson, Ursula von der Leyen eta Antonio Guterres, COP26 bileran. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Igandean Glasgown abiatutako COP26 klimari buruzko goi-bilera azaroaren 12ra arte luzatuko da. Eszenatoki horretan, nazioarteak aukera izango du 2015eko Parisko Itunetik egindako aurrerapenak berrikusteko. Era berean, konpromiso berriak bilatuko dituzte, mende amaierarako tenperaturen 1,5 ºC-tik gorako igoera ekiditeko.

Hauek dira munduko bloke handiek bilera horri begira azaldu dituzten konpromiso eta jarrerak:

Europa

Europar Batasunak lider globalaren rola hartu du klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta nazioarteko lehiakortasun gehiago irabazteko asmoa du, iraunkortasuneranzko eta energia berriztagarrietaranzko lehian.

EBk % 55 murriztu nahi ditu isuriak 2030erako, 1990a erreferentziatzat hartuta; eta neutraltasun klimatikoa lortu. Europa helburu horiek lortzeko legedia diseinatzen ari da unean, eta nazioarteari dei egin dio, anbizio klimatiko gehiago eta finantza-elkartasun gehiago azaldu dezan.

Jada Europar Batasunaren parte izan ez arren, COP26aren herrialde anfitrioia, Erresuma Batua, bide beretik doa eta "zero isurien" helburua 2050erako lortzeko asmoa du. Horretarako, % 68ko murrizketa du 2030erako jomuga, eta % 76koa, 2035erako. Gainera, sistema elektrikoa deskarbonizatu nahi du 2035erako.

AEB eta Kanada

Donald Trump Etxe Zuritik atera eta gero, Joe Biden presidenteak Parisko Itunera itzularazi du AEB.

Bidenek % 53 ebaki nahi ditu isuri kutsatzaileak 2030rako, 2003ari dagokionez. Mende erdialderako, berriz, "zero isuriak" ditu xede, eta inbertsio handiak iragarri ditu sektore industrial iraunkorrak garatzeko (eguzki-energia edo ibilgailu elektrikoak, besteak beste).

Txina eta gainerako BRICS-ak

Bilerarekiko arreta Txinak bereganatuko du, hein handi batean. Izan ere, munduko lehen CO2 isurtzailea da, 2006tik. Xi Jinping presidentea ez da Glasgown izango, baina, aurreikuspenen arabera, bideokonferentzia bidez parte hartuko du.

Beijingek helburuak areagotu ditu Parisko Itunetik, eta 2060an karbono-neutraltasuna lortzea espero du, 2030 aurretik isurien gailurrera iritsiko bada ere.

Duela gutxi Txinak iragarri zuenez, atzerriko ikatz-plantetan inbertitzeari utziko dio, eta seinaletzat hartu dute keinu hori nazioarteko merkatuek.

Errusia munduko laugarren isurtzaile handiena da, eta erregai fosilen ekoizle handia, baina Vladimir Putin presidentea ez da Glasgown izango. 1990arekin alderatuta, berotegi-efektuko gasak % 79 murrizteko asmoa du 2050era arte, eta "zero isuri" helburura iristekoa, 2060rako.

Narendra Mondi Indiako lehen ministroak aurreratu du 2070 urterako lortuko dutela neutraltasun klimatikoa.

Hegoafrikak, bere aldetik, helburuak berrikusi ditu eta erabaki du 2025erako isuriak 510 milioi tona metrikora mugatzea. 2030erako, berriz, 420 milioi tona azpitik ezarri du muga, 2019an erregistratutako 471,6 tonen aurrean.

Pazifikoko Potentziak

Bestelako ekonomia garatuetan ere ugaritu egin dira bileraren aurreko akordioak.

Japoniak, mundu-mailako bosgarren CO2 isurtzaile handiena denak, errotik berrikusi ditu helburuak eta % 46 gutxitu nahi ditu berotegi-efektuko gasak, 2030erako. Hego Koreak 2050ean lortu nahi du neutraltasun klimatikoa, eta Zeelanda Berriak % 50 murriztuko ditu isurketak 2030ean.

Scott Morrison Australiako lehen ministroak ez zuen hitzordura bertaratzeko asmorik baina, presioa medio, bertan izango dela adierazi du, eta 2050 ezarri du gasa eta ikatza ekoizten dituen herrialde horretako ekonomia deskarbonizatzeko muga gisa.

Herrialde pobreak

Gutxien Garatutako Herrialdeen blokeak 1.000 milioi biztanletik gora dituzten Afrikako, Asia-Pazifikoko eta Karibeko 46 estatu biltzen ditu, COP26ak "asmo handiko eta bidezko erantzun bat" ematea nahi dutenak.

Estatu-talde horretatik gogorarazi dutenez, "herrialde garatuak ez dira 2020rako urteko 100.000 milioi dolar ematearen konpromisoa betetzen ari". Gainera, azpimarratu dute bertako biztanleak direla "klima-aldaketaren neurriz kanpoko eragina jasaten ari direnak, berotze globalarekin zerikusi gutxien dutenak izanik ere".

Asteburu honetan egindako G20aren liderrei eskatu diete isuriak murrizteko planak hobetzeko, "euren ardura eta ahalmenekin bat etorrita", 2050ean ekonomia deskarbonizatzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena