10:40

Mundua

Erresuma Batua

Armada britainiarra behin-behinean erregaia garraiatzeko prestatzen ari da

O.P. | Eitb Media

Auto-ilarak eta jendearen frustrazioa nagusi dira gaur oraindik Erresuma Batuko gasolindegietan; hutsak geratzen dira haiek, ez baitago erregaia garraiatzeko gidaririk. Agintariak hasi dira neurriak hartzen eta petrolio-enpresek bezala, lasaitasunera deitu dute.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Erregaiaren sektoreko krisiak ezinegona sortzen jarraitzen du Erresuma Batuan; herritarrak oldean atera dira errepidera, depositoa betetzeko gasolindegi baten bila. Ez dirudi erraza, ordea, gasolindegiak husten ari baitira pixkanaka, bai erregaia bertara eramango duten gidari-eskasiagatik, bai eta, gasolinarik gabe gelditzeko beldurrak eskaera izugarri altxatu duelako. 

Gobernu britainiarra hasi da arazoari aurre egiteko neurriak hartzen eta Armadako kamioi-gidariak prestatzeko agindua eman du, gasolindegietara erregaia eraman beharko balute ere.

Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez, larrialdi-trebakuntza jasoko dute gidari militarrek, erregaia eraman dezaten "erregai nahikoa dela bermatu ahal izateko behar gehien dagoen tokietan". 

Kwasi Kwarteng Enpresa, Energia eta Industria-estrategiako ministroak azaldu du "beharrezkoa balitz, militarren eskuhartzeak ahalmen gehigarria emango dio hornidura-kateari, erregai-eskarian izan daitezken gorakadek eragindako presioak arintzen laguntzeko behin behinean".

The Times egunariaren arabera, Boris Johnson lehen ministroak agindua igorri du dagoeneko erregaia banatzeko 150 militar trebatzeko; horietako 80 prest leudeke astea amaitzerako. 

Gobernu britainiarrak, halaber, erregaia eramateko baimena luketen material arriskutsuen gidarien lizentzien iraungipena luzatzea onartu du, eta 2022ko otsailera arte luzatu ditu hemendik urte amaierara arte iraungitzen ziren baimenak.

Agintarien arabera, izua eta itxaronaldi luzeak arintzen ari dira. Hala ere, hainbat sektoretatik egindako konponbiderako-deiak ugaritu egin dira, hala nola osasungintzatik edo taxietatik, lehentasunez eta larrialdi kasuan hornitzeko baimena eman diezaieten, behar duten tokian.

Animoak baretzeko ahaleginean, petrolio konpainien babesa dute, eta gaur ere lasaitasun mezua zabaldu dute erreserben inguruan. Izan ere, ohar bateratu batean, BP, Shell eta Esso enpresek esan dute, "orain ohi baino gasolina gehiago daramaten auto asko" daudenez, "eskaria maila normalera itzuliko dela datozen egunetan", eta horrek gasolindegietako "presioa arinduko" duela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena