Mundua
ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK
AGENTZIAK | EITB MEDIA
SPD da faboritoa, begiradak bloke handien ahulezietan eta etorkizuneko aliantzetan jarrita dauden bozetan.
Hauteskunde orokorrak dituzte gaur Alemanian, eta 16 urtean lehen aldiz, Angela Merkel ez da hautagai izango. Hurrengo legegintzaldian Budestag (Behe Ganbera) berria nork osatuko duen aukeratu beharko dute herritarrek, eta egoera politikoa oso aldakorra den unean iritsi da hauteskunde eguna.
08:00etan ireki dituzte hauteslekuak eta 18:00etan itxiko dituzte.
60,4 milioi herritar inguru daude deituta botoa ematera, 2017ko hauteskundeetan baino 1,3 milioi gutxiago. Hauteskunde horietan 'koalizio handia' sortu zen Angela Merkel buru zuen Batasun Kristau Demokrata (CDU)-Batasun Sozial Kristaua (CSU) blokearen eta Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) artean.
Oraingo honetan, ordea, bi aldeetako bat ere ez dago itun horrekin jarraitzeko prest. Azken galdeketen arabera, sozialdemokratak (SPD) lirateke garaile, eta Berdeei keinuka ari dira, aliantza posibleen bila. Azken horiek inoizko emaitza onenak lor ditzakete.
Inkesten arabera, SDPk botoen % 25 eskuratuko lituzke, CDU-CSU koalizioak baino lau puntu gehiago. Berdeek botoen % 14 lortuko lituzkete, ultraeskuindarrek % 12, liberalek % 11 eta Die Linkek (Ezkerra) % 7.
AfDrekin ez dutela gobernatuko esana dute alderdi guztiek. Gauzak horrela, beste alderdiek lortuko dituzten botoen eta eserlekuen arabera erabakiko da nork gobernatuko duen Alemania. Gutxienez bi alderdik osatutako koalizioa aurreikusten da iragarpen guztietan.
Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidentea. Argazkia: EFE
Hautagaiak
CDUk azken urteotako botereari eutsi nahi dio eta horretarako, Merkelen faltan, Armin Laschet Ipar Renania-Westfaliako Gobernuko arduraduna aurkeztu dute hautagai. Merkelen lekua hartzeko faborito izan arren, azken hilabeteetan polemika ugari izan ditu eta bere hautagaitza iragarri zuenetik hamar puntu inguru galdu ditu bere blokeak.
Besteak beste, uztailaren erdialdeko uholdeetan Laschetek izandako jarrerak ez zion mesederik egin haren irudiari, eta ondorioz, bere aurretik jarri ziren Annalena Baerbock Berdeetako hautagaia eta Olaf Scholz sozialdemokrata (SPD).
SPDko hautagaiak, egungo Gobernuko kantzilerorde eta Finantza ministroa denak, CDUko hautagaiak baino irudi egonkorragoa saldu du. Eztabaidetan parte hartzeak eta kudeaketan esperientzia izateak Merkelen antzeko profila izan dezakeela erakutsi dute.
Lascheten eta Baerbocken gainbehera progresiboari etekina ateratzen jakin du Scholzek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa