Itxi

Mundua

Exodo afganiarra

Pakistanek itxi egingo ditu behin-behinean Afganistango mugak, errefuxiatuen etorrerari eusteko

Agentziak | eitb media

Pakistango gobernuak Chaman e Tokhameko igarobideak itxiko ditu behin-behinean. Pakistanen 2,7 milioi errefuxiatu bizi dira gaur egun. Hegoafrikak esan du ezin duela errefuxiatu gehiago hartu; Ruanda eta Uganda, aldiz, prest agertu da afganiar gehiago hartzeko.

  • Afganiarrak Pakistanera pasatzen zain, Chamango igarobidean. Argazkia: EFE

    Afganiarrak Pakistanera pasatzen zain, Chamango igarobidean. Argazkia: EFE

Pakistango agintariek jakinarazi dute Afganistango mugako igarobideak itxiko dituela, behin-behinean, alboko herrialdetik datozen etorkinen sarrera saihesteko. 

"Chamango pasabidea itxiko dugu denbora batez", esan du Rashid Ahmed Barne ministroak Islamabaden eman duen prentsaurreko batean; ez du zehaztu, halere, zenbat denboraz luzatuko den neurria. 

Chamango igraobideak Pakistan hego-mendebaldeko Balochistan probintzia eta Spin Boldak lotzen ditu, Afganistango Kandahar probintzian. Kandahar da, hain zuzen, talibanen bastioi eta sorleku. 

AEBko tropak Afganistandik atera zirenetik, milaka errefuxiatu gurutzatu dute muga, talibanen agintepean dagoen herrialdetik ihesi. 

Pakistango agintariek eta hainbat GKEk esan dutenez, milaka lagun daude mugan herrialdea uzteko zain. Pakistanen 2,7 milioi errefuxiatu afganiar bizi dira gaur egun, 70.hamarkadatik gaurdaino ihes egindakoak. 

Gobernuak esan duenez, kalkulatzen dute 800.000 lagun iritsiko direla Afganistandik lurrez. 2.500 kilometro luze den bi herrialdeen arteko mugan hamarnaka dira igarobideak. Chamanen ostean handiena den Torkham pasabidea ere itxita dago jada. 

Pakistango Kanpo gaietarako ministro Shah Mahmud Qureshik, bere aldetik, nazioarteari eskatu dio ez dezala iraganeko "akatsa" errepikatu, eta ez ditzala afganiarrak abandonatu, eta hitz egin dezala talibanekin, osterantzean "nazioarteko erakunde terroristei leku egingo" litzaiekelako.

Qureshiren ustez nazioarteko komunitateak eskura dituen aukeren inguruan hausnartu behar du "talibanekin tratua egitea ala haiek zokoratzea". Bien bitartean arriskua dago, bere ustez, afganiarrak ahanzturan erortzeko.

Hegoafrikak ez ditu errefuxiatu afganiar gehiago hartuko

Hegoafrikako agintariek ohartarazi dute herrialdeak ezinezko duela Afganistandik datozen errefuxiatu gehiago hartzea, horretarako eskabideak badauden arren. "Hegoafrika afganiar errefuxiatu askoren etxea da jada gaur egun eta haien beharren erantzuten ari gatzaizkie", adierazi du Nazioareko Harremanetarako sailak ohar batean.

Gobernuak hala eman du jakitera bere jarrera, Pakistanen aldi baterako dauden errefuxiatuak Hegoafrikan hartzea eskatu ostean. Esan du ezin diola eskaera horri erantzun eta adierazi errefuxiatuak "hobeto egongo direla Pakistanten bertan".

Ruanda eta Uganda, besteak beste, prest agertu dira errefuxiatu afganiarrak hartzeko, haiei behin betiko helmuga bat eman bitartean.