18:12

Mundua

Afganistan

AEBko tropak Afganistandik abuztuaren 31n erretiratuko direla baieztatu du Bidenek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europako hainbat herrialdek nazioarteko tropak Afganistanen mantentzearen alde agertu ziren, irailetik aurrera herritarren ebakuazioarekin jarraitu ahal izateko. Joe Bidenek, baina, baztertu egin du aukera hori.

  • Hegazkin militar bat aireratzen, Kabulgo aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE

    Hegazkin militar bat aireratzen, Kabulgo aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak baieztatu du tropa estatubatuarrak abuztuaren 31rako erretiratuko direla Afganistandik.

Europako hainbat herrialdek nazioarteko tropak herrialde horretan mantentzearen alde agertu dira azken egunetan, herritarren ebakuazioa iraila baino lehen amaitzea ezinezkoa izango dela aurreikusita. Alabaina, Bidenek hasierako planari eutsiko dio eta Armada estatubatuarrak agindutako epean egingo du atzera.   

"Zenbat eta lehenago amaitu, hobeto", adierazi du ia bost orduko atzerapenarekin hasi den agerraldi publiko batean.

Ebakuaziorako epea gehiago ez luzatzeko arrazoia nagusia segurtasun eza dela esan du eta erasoak izateko arriskua dagoela ohartarazi du, Estatu Islamikoaren dibisio afganiarrari aipu eginez. "Badakigu arriskua gero eta handiagoa dela eta arrisku horiek kontutan hartu behar ditugu. Benetako mehatxuak dira eta aintzat hartu behar ditugu", azaldu du.

"Estatu Islamikoaren Jorasan taldeak aireportuaren eta militar estatubatuarren eta atzerritarren kontrako erasoak egiteko asmoa dauka", ziurtatu du Bidenek.

AEBk milaka soldadu dauzkate oraindik Afganistanen, eta horrek ahalbidetu du Kabulgo aireportuan nazioarteko hegazkinen joan-etorria. Alabaina, tropa horiek erretiratzen direnean herritarren ebakuazioa bermatzea ezinezkoa izango da, aireportuaren kontrola talibanek hartuko dutelako.   

Testuinguru honetan, G7ak premiazko bilera telematikoa egin du. Hauek dira batzarrean parte hartu duten agintariak: Joe Biden, Boris Johnson, Emmanuel Macron, Mario Draghi, Angela Merkel, Yoshihide Suga eta Tustin Trudeau.

Halaber, Europar Batzordeko, Europar Kontseiluko, NBEko eta NATOko buruzagiak izan dira: Ursula Von der Leyen, Charles Michel, Antonio Guterres eta Jens Stoltenberg, hurrenez hurren.

Estatu Batuko Armada Afganistandik abuztuaren 31n alde egingo duela baieztatu ostean, egun horretatik aurrera herrialdetik atera nahi duten afganiarrei "pasabide seguru bat" bermatzeko eskatu die Boris Johnsonek talibanei G7ren izenean.  

"Talibanekin harremanak izan beharko ditugu. Kabulen Gobernu talibana osatuko dute. Herritarrei Afganistandik segurtasunez atera ahal izateko bermeak eskatuko die G7ak", adierazi du lehen ministro britainiarrak.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ziurtatu du talibanen erregimena aitortzeko aukera ez dagoela G7aren mahai gainean eta haiekin ebakuazioari buruz soilik hitz egiten dutela.

"Kabulen eta aireportuan zirkulazioa ahalbidetzeko ezinbesteko elkarrizketak dira. Ez dugu negoziazio politikorik haiekin", azpimarratu du.  

Gauzak horrela, G7ak talibanei eskatu die Afganistanen giza eskubide guztiak errespeta ditzatela, bereziki emakumeenak, neskenak eta gutxiengoan dauden taldeenak. Halaber, terrorismoa zabaltzea saihesteko neurriak har ditzatela galdegin die.   

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena