13:59

Mundua

Afganistan

Afganistango presidenteordeak erresistentziarako deia egin du bere burua presidente jo ostean

Agentziak | EITB MEDIA

Amrullah Saleh Panjshir eskualdean dago, talibanen kontrako borrokan geratzen den gotorleku bakarrenetarikoan.

  • Hainbat afganiar Kabulen, Independentziaren Eguna ospatzen.

    Hainbat afganiar Kabulen, Independentziaren Eguna ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Talibanen garaipenaren ostean Ashraf Ghani presidenteak Afganistandik ihes egin duela eta, bere burua bitarteko presidente jo du Amrullah Saleh presidenteordeak eta erresistentziarako deia egin die afganiarrei.

Saleh Panjshir eskualdean dago (Kabuldik ehun bat kilometrora), talibanen kontrako borrokan geratzen den gotorleku bakarrenetarikoan.

Twitterreko bere kontuan eskegi dituen mezu laburretan, amore ez emateko eta talibanen aurka egiteko eskatu die herritarrei. "Afganistango presidente legitimoa naiz", erantsi du, eta hala jaso du sare sozial horretako profilean ere.

Erresistentziarako deia

Afganistango bandera talibanen banderarekin ordezkatzearen kontra egin duten afganiarren ausardia goraipatu du Salehek beste mezu batean. Herrialdeko hainbat gunetan, batez ere Jalalabad hirian, protestak izan ziren atzo horregatik. Talibanek indarrez erantzun zuten, eta gutxienez bi lagun hil eta hainbat zauritu zituzten, lekukoen esanetan. 

"Talibanen kontra arituz, gure bandera nazionala altxatzeko hainbat lekutan izandako mugimendu ausart eta patriotikoa errespetatu, babestu eta txalotzen dut", esan du. Gainera, gogorarazi du gaur Independentzia Eguna ospatzen dutela, britainiar inperioa kanporatu zutenekoa gogoan hartzeko.

"Inoiz ez naiz talibanen menpe egongo"

Saleh, Panjhir eskualdean sortua eta tajik etniakoa, talibanen kontrako borrokan jardun zuen "gerrako jaunen" taldean aritu zen 1996tik 2001era. 

Orain, 20 urte geroago, eta talibanen garaipenaren ostetik, amore emango ez duela nabarmendu du: "Inoiz, edozer gerta ere, ez naiz talibanen menpe egongo. Inoiz ez dut Ahmad Shah Massoud komandante, heroi eta buruzagiaren arima eta ondarea traizionatuko (...) Inoiz ez naiz talibanen sabai beraren azpian egongo. INOIZ EZ".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena